Lorea Blazquez: "Epe luzeko inbertsioa da ikerketan egiten den lana"

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 18a, 19:10

Lorea Blazquez ikerlaria Biodonostiako laborategian. (Argazkia: Lorea Blazquez)

Lorea Blazquez (Aretxabaleta, 1980) Donostian bizi da 2020ko uztaila ezkero, Londrestik itzuli zenetik. Biologia ikasketak egin zituen, genetikan espezializatu zen, eta orain, buruko hainbat gaitz aztertzen dihardu.

Biodonostiako ikerlaria zara, baina horra iristeko ibilbide luzea egin duzu.

Biologia ikasketak egin nituen EHUn, baina Oviedon bukatu gero, biologia molekularra eta genetika gustuko nituelako. Udako praktikak egin nituen Donostia ospitalean, neurogenetika kontuak lantzen zituztelako han, eta bertan egin nuen doktore-tesia. Neurogenetika barruan, RNAren ikerketan espezializatu nintzen, eta RNA hori nola manipula genezakeen terapia bidez garatu.

Gero, kanpora joan zinen.

Tesia 2009an bukatu nuen, eta ikerketa munduan jarraitu gura nuela argi neukan, oso aberasgarria delako egunero galdera berri bati erantzuna topatzeko lan egitea. Iruñean jarraitu nuen nire ikerlari bidea eta ia bost urte egin nituen, RNA kontuekin, terapia genikoetan oinarritutako ikerketan ziharduen lantaldearekin. Sasoi hartan, krisia iritsi zen eta ikerkuntzan murrizketa handiak egin zituzten. Sakontzen jarraitzeko kanpora joatea erabaki nuen, eta Londresera joan ginen familia osoa, ordurako bi ume nituen eta. Bi urte egitea zen asmoa, Europar Batasunak ikerketa arlora bideratutako diru batekin doktoretza osteko lana garatzeko, baina, azkenean, sei egin genituen. Handik neure finantzaketa lerroarekin itzultzea lortu nuen, Biodonostian ikerlari nagusi legez.

Eta zer duzu esku artean orain?

Bi ikerketa lerro ditugu zabalik: batetik, dementzia frontotenporala ikertzen dihardugu. Alzheimerraren ostean dementziarik ohikoena da eta ospitaleko neurologia zerbitzuarekin elkarlanean dihardugu; eta beste lerroa buruko tumoreetan dago oinarrituta, sendagairik ez duten tumoreak ikertzen gabiltza.

"Amorrua ematen dit lantaldeetako ardura postuetan emakumeak apenas egoteak"

Pandemiak balioa eman dio ikerketa-lanari?

Hori esan izan da, baina, zoritxarrez, ez da horrela; nik ez dut diru gehiago antzeman. Beharbada, arlo oso zehatzetan, COVIDarekin zerikusia dutenetan, abiatu dira proiektu puntualak. Baina ikerketa ez da hori, ez dira proiektu puntualak, urte askotako lana baizik, eta etengabeko babesa behar du.

Minbiziaren aurkako elkartetik jaso duzu zuk dirua.

Buruko tumoreak aztertzeko eskatu nuen, eta lortu. Nire proiektuen artean finantzaziorik handiena jaso duena izan da, ia 250.000 euro. Gobernutik bideratzen den dirua gutxiago izan ohi da. Hala ere, EAEn pribilegiatuak garela uste dut, hein batean; nire ibilbideko faserik egonkorrenean nago orain, Ramon y Cajal eta Ikerbasque programarekin dudan kontratuari esker.

Ikerketa epe luzeko prozesua da, ezta?

Bai, emaitzak iristen dira, baina prozesu motela da; epe luzeko inbertsioa da ikerketa. COVIDaren aurka erabilitako RNA txertoak, esaterako, urteetako lanaren emaitza dira, eta aurretik egindako lan horri esker izan ditugu eskura txertoak orain.

Eta genero-berdintasuna iritsi da ikerketara?

Oso fenomeno kuriosoa gertatzen da, artazi fenomenoa. Biologia ikasketetan, esaterako, emakumeak erdia baino gehiago dira. Baina gero, aurrera egin ahala –doktoretzak, doktoretza osteko ikerketak...–, emakume kopuruak behera egiten du eta gizonezkoenak gora. Horri buelta emateko lanean ari gara eta Emakumeak zientzian ekimena dugu abian Biodonostian. Amorru handia ematen dit lantaldeetako ardura postuetan eta ikerketa buruetan emakumeak apenas egoteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak