Energia komunitate bat sortzeko eskaera egin du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 18a, 09:30

Eguzki plaka batzuk teilatu batean.

Komentuko elizan eta Udalaren brigadaren biltegian eguzki plakak jartzea proposatu dute "behar energetikoak" dituzten familien artean energia banatzeko.

Trantsizio energetikoa aretxabaletar guztiekin egin behar dela adierazi du EH Bilduk prentsa-ohar bidez, eta, horretarako, energia komunitate bat sortzea proposatu du; ez da lehenengo aldia hori proposatzen duena: "Aurtengo aurrekontuen negoziazioan emendakina aurkeztu genuen; Udal Gobernuak ez zuen onartu, haien apustua Ekiola zela argudiatuz".
Ildo horretatik, argitu gura
izan dute Ekiolaren aurka ez daudela: "Izan ere, energia komunitateetan zein Ekiola moduko proiektuetan herritarrak elkartzen dira euren argindarra sortzeko". Baina energia komunitateak hori baino proiektu gehiago sortzeko pentsatuta
daudela eman dute aditzera,
"aurrezpena bultzatzeko", esaterako. Era berean, "garrantzitsua den ezberdintasun bat" nabarmendu gura izan dute: "Ekiola eta antzekoetan parte hartzeko zailtasunak izango lituzkete bonu soziala duten familiek. Zergatik utzi familia horiek guztiak energia trantsiziotik kanpo?"

Hiru proposamen

Hala, hiru proposamen zehatz egin dituzte: batetik, energia komunitate bat sortzeko aurretik egindako proposamena berriro aztertzea; bestetik, komentuko elizaren eta udal brigadaren biltegiaren teilatuetan eguzki plakak jartzea, "behar energetikoak" dituzten familien artean energia banatzeko; eta, azkenik, erakunde publikoak ailegatzen ez diren familiengana iristeko, eragile sozialen bitartez eta Ongizateko Sailarekin elkarlanean beste aukera batzuk lantzea.

Lehenengo fasean 30 bat familiarengana iritsi gura dute: "Urtarrilean Aldundiak banatutako diru gehigarriarekin finantzatzea proposatzen da". Guztira 50.000 euro arteko inbertsioa izango litzatekeela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak