Hizkuntza gutxituak, biziberritze lanetan

Uxue Igarza Loiola 2022ko mar. 11a, 12:34

Asteazkenean, garabide Elkarteak abiatutako HIBIL ikastaldiaren harrera ekitaldia egin zuten aretxabaletako udaletxean. Bertan, hamar komunitate linguistikotako kideak elkartu ziren: maputxeak, kitxeak, amazigak, guaraniak, kitxuak...

Euskal Herrira etorri dira Afrikako eta Amerikako hamar komunitate linguistikotako partaideak, HIBIL Ikastaldian parte hartzera. Oraindik beste bi komunitatetako kideak espero dituzte, baina pandemiari lotutako arazoak direla-eta, momentuz, ez dira iritsi. Garabidek abiatutako egitasmoaren helburua "mundu mailako sare proaktiboa" sendotzea da, hizkuntza gutxituetan bizi diren komunitateak batzeko eta horrela beraien hizkuntzak biziberritzeko.

Azken bi urteetan ezin izan dute egitasmoa martxan jarri, baina aurten berriz heldu diote. Ikastaro teorikoak eta euskalgintzari lotutako erakundeetara bisitak dira HIBILen baitako dinamikak, eta, Maddi Iñarra arduradunak azaldu duenez, oraingoan "modu berriak" asmatu behar izan dituzte aurrera egiteko: "Azarotik otsailera bitartean online egin dituzte saio teorikoak, eta orain, Euskal Herrira etorri dira bisitak eta irteera didaktikoak egitera".

Harrera-ekitaldia, Aretxabaletan

Eguaztenean, Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak eta Eñaut Agirre Garabideko koordinatzaileak harrera instituzionala egin zieten egitasmoko partaideei. Agirrek azaldu duenez, Garabideko kideak "pozik" daude egonaldiak berrartu dituztelako: "Parte-hartzaileek diote oso interesgarria dela, eta guretzat ere bai, jakina. Garabideren ardatza da formakuntza hau".

Ekitaldia bera "oso hunkigarria" izan zela adierazi du Agirrek: "Bakoitzak bere komunitatearen izenean hitz egin zuen, norberaren hizkuntzan, eta opariak ere ekarri zituzten. Giro polita sortu zen". Maputxeak, amazigak, kitxeak, tutunakuak, nahuatak, nasak, guaraniak, kitxuak, Yukatango maiak, nahuat pipilak eta tseltalak ari dira HIBIL egitasmoan parte hartzen, eta aurten, lehenengo aldiz Melillako amazig bat dago bertan.

Euskal eragileekin lanean

Garabidek azaldu duenez, Euskal Herriko hamar eragile "ez-tradizionalek" hartu dute parte komunitate indigenekiko ezagutza-trukean. Sarea "sendotzen" ari dela azpimarratu dute: "Hizkuntzen galeraren fenomeno globala eta horri erantzuteko ekimen lokalak ardatz hartuta, elkarlan-sarea indartu da". Aurreratu bezala, datozen egunetan 20 erakunde eta enpresa bisitatuko dituzte parte-hartzaileek; tartean, Arrasateko AEK, Emun, Txatxilipurdi, Arizmendi Ikastola, Luiz Ezeiza Herri Eskola eta Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak