"Sekulako" Aratusteen zain daude aretxabaletarrak

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 25a, 13:37

Hainbat herritar mozorrotuta 2020ko desfilean.

Musika eskolaren 'Egubakoitz argal' emanaldiarekin ekingo zaio mozorro-festari gaur, eta egun handia domeka izango da, kuadrillen desfilearekin. Martitzenean, neska-mutikoek ospatuko dute, eta agurra txinen hiletarekin emango diote herritarrek.

Egubakoitz argal ikuskizunak abiaraziko ditu Aratusteak gaur. Leizarra musika eskolako kideak, pirata jantzita, kalejiran joango dira Mitarte kaleraino, eta ondoren, kiroldegian eskainiko dute emanaldia (18:00). Bederatzi taldetan banatuta, 85 dantzarik parte hartuko dute, txistularien, trikitilarien eta gaiteroen laguntzarekin. Hego Euskal Herriko eta Errioxako dantzak dantzatuko dituzte; talde bakoitzak pieza bana, eta, azkenean, guztiek batera, beste hiru dantza egingo dituzte.

Egun handia, betiko legez, domeka izango da. Kuadrillek isilean jardun dute lanean, eta etzi erakutsiko dituzte gertatutako karrozak; kamioi handiek ez dute hutsik egingo, ezta umore handiz prestatutako mozorroek ere. Txino dantzarekin abiatuko da jaia, eguerdian, eta ondoren etorriko da desfilea, txarangak girotuta. Arratsaldean, DJa izango da plazan (18:00) eta mozorro lehiaketako sariak banatuko dituzte (18:45). Santa Ageda neska-mutilen dantza saioak bukaera emango die eguneko ekitaldiei (19:00).

Nerabeendako jolasak ere izango dira, "aisialdiaz era osasuntsuan goza" dezaten. Zezen mekanikoa, bubble balls lehiaketa eta quad zirkuitua izango dituzte Kurtzebarriko kantxan (17:00)

Ikasleak, ikastetxeetan

Martitzenean neska-mutikoek girotu ohi dituzte herriko kaleak, baina aurten, 5 urtekoak bakarrik elkartuko dira (10:30), hain zuzen ere, txino dantza egiteko –eguraldi onarekin plazan, eta bestela, pilotalekuan–. Gainerakoek, nork bere ikastetxean ospatuko du. Kurtzebarri eskolako Haur Hezkuntzakoak kantxan elkartuko dira, eta Lehen Hezkuntzakoak, arratsaldean, Herriko Plazan: "Euskal Herriko pertsonaiez mozorrotuko gara eta dantza egin, euskal tradizioaren eta kultura ondarearen transmisioa izanik helburua".

Basabeazpi gunekoei dagokienez, gaur, egubakoitza, Arizmendiko txarangarekin irtengo dira: "Herriari jakinarazteko Aratusteak badatozela. Martitzenean gunean bertan egingo dugu jaialditxoa". Almenekoak, ostera, gaur mozorrotuko dira, eta jolasak, dantzak eta desfilea egingo dituzte, besteak beste.

Pausoka haur eskolakoek eraikinean ospatuko dute: "2 eta 3 urteko piratak altxorraren bila irtengo dira, eguraldia lagun izanez gero".

Txinen hiletarekin agurra

Txinen hiletak emango die bukaera ospakizunei. 20:00etan eroango dute hilkutxa 2003an jaiotako kintoek plazaraino, bertan erretzeko.

Egitaraua osorik

Hona hemen Aratusteetarako gertatutako egitaraua:

Otsailak 25, Egubakoitz Argal eguna

  • 18:00: Leizarra musika eskolak antolatuta, Egubakoitz Argal jaia, Ibarra kiroldegian.

Otsailak 26, zapatua

  • 12:30: Bola-txapelketa; bolatokiaren berrinaugurazioa –izen-ematea: 5 euro–.

Otsailak 27, Aratuste-domeka

  • 10:00: Diana, txistulariekin.
  • 11:45: Aurtengo Santa Ageda neska-mutilek Txino dantza egingo dute.
  • 12:00: Kuadrillen desfilea.
  • 13:00: Gesaltza txarangarekin.
  • 17:30: BIXI gunea Kurtzebarri eskolako kantxan –12 urtetik gorakoentzat–: Zezen mekanikoak, Quads zirkuitua eta Bubble balls lehiaketa.
  • 18:00: DJ-kiaren emanaldia Herriko Plazan.
  • 18:45: Mozorro lehiaketaren sari banaketa Herriko Plazan.
  • 19:00: Santa Ageda neska-mutilen dantza saioa.

Martxoak 1, Aratuste-martitzena

  • 10:30: Txino dantza Herriko Plazan, 5 urteko ikasleen eskutik.
  • 20:00: Txin-en hileta. Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik Herriko plazaraino.
    Bertaratzen diren herritarrei lutoz jantzita joatea eta kandela eskuan eramatea gomendatzen zaie.

Aratusteak iraun bitartean balkoiak apaintzea eskatu dute antolatzaileek. Balkoi originalenak Aretxarteko dendetan gastatzeko 100 euro jasoko du –bi sari egongo dira–. Izena Arkupen eman behar da, eta balkoiak ipinita egon behar dira otsailak 25etik 27ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak