Lehenengoz izango zara Arkupeko oholtzan?
Neure proiektua aurkezten bai. Formatu handiarekin nator, Quico Puges eta Jokin Garmendia txelo-joleek eta Amaiur Luluaga dantzariak lagun eginda.
Etxean egoteak urduritasuna areagotzen du?
Urduritasun kontuak albo batera utzita ditut eta etxean jotzeak segurtasuna ematen dit niri.
Pandemia gogorra izan da sortzaileendako, baina azken hilabeteotan geratu barik zabiltza.
Gogorra izan da, baina proiektu berria garatzen harrapatu ninduen ni pandemiak, eta sukaldeko lanak egiteko baliatu nuen. Irailetik hona, ostera, atzera eta aurrera nabil; gustura.
Poliedro martxan jarri zenuenetik urtebete pasatu da.
Proiektua lantzen 2019ko irailean hasi nintzen eta 2021eko otsaila arte lanak aurreratzen jardun nuen; konposatze lanetan, esaterako. Orain dela urtebete, justu, finantzatzeko baliabideak topatzen hasi nintzen; crowdfunding-a abiatu nuen. Nahiko intentsua izan zen garai hura, diru-bilketa uztartu behar izan nuelako grabaketa eta idazte lanekin. Erditu aurreko azken fasea izan zela esango nuke.
Erditze hartatik urtebetera, pozik emaitzarekin?
Proiektua ondo doa, baina sentipen gazi-gozoa dut. Proiektu honekin gura nuen bi frontetan ereitea: batetik, publiko orokorrean, erakusteko jendarteari txeloa beste era batera jo daitekeela, eta horren emaitzarekin gustura nago; baina, bestetik, nire gogoa zen trebatzen hastea hari-instrumentistak, ikasleak zein irakasleak. Trebakuntza saioak emateko proposamenak egin luzatu nituen musika eskoletan, baina ez dut erantzunik jaso bueltan. Nire lana ez da bakarrik musikala, soziala ere bada, jakintza zabaltzea, eta erantzunik ez jasotzea tristea da.
Txeloa bakarrik entzutera ohituta dago publikoa?
Trebakuntza lan horretan dihardut, esandako moduan. Gainera, egiten dudana ez da oso esperimentala, mendebaldeko musika modernoen koktela da, baina, gitarra edo baxu batekin egin beharrean, txeloarekin eginda.
Bideoklipa aurkeztu berri duzu.
Argi-ilunak kantarekin egiteko aukera izan dut, Belaguan, betidanik ezagutzen dudan paraje berezian. Arantzatxo hori atera dut, eta gustura nago emaitzarekin eta izan duen harrerarekin
Beste proiektu batzuetan ere bazabiltza.
Bai; Iban Galan Desegin ilustratzailearekin eta Jon Garcia musikariarekin aurkeztu dugu Desitsatsi erakusketa bizia. Galanen lau koadrotatik abiatuta musika egiten dugu unean bertan gitarrarekin, txeloarekin, sintetizadorearekin..