Mozorrotzeko grina: familian jasotako harra, kuadrilletan borobilduta

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 22a, 17:27

Pandemia sasoira egokitutako aratuste egitaraua gertatu dute udalak eta Atxabaltako Karnabalen Lagunak taldeak, beste hainbat eragilerekin batera eta herritarrak jai giroa noiz hasiko zain daude.

Herriko jairik gustukoenak zeintzuk diren galdetuta, aretxabaletar askoren erantzuna hauxe da: Aratusteak. Egun bakarreko ospakizuna da, baina "sekulako" ospakizuna. Horregatik, iaz ezin ospatu izanak tristura eragin zien askori. Aurten, baina, bai, Udalak antolatzearen aldeko apustua egin du, Unai Elkoro alkateak adierazitako legez: "Azken bi urte gogorren ondoren, emozioak sortzen uzteko eta hainbeste behar ditugun Aratusteak bizitzeko unea da". Eta gaineratu du, betiere, "zuhurtziaz jokatuta".

Iruñeko Oier Zuñiga artistak egindako irudiak –kartel lehiaketaren irabazlea– emango du egitarauaren berri. Pandemia egoerara moldatu dute hori, eta, horregatik, herri bazkaririk ez da izango. Baina gainerako ekitaldi gehienei eutsi diete; bereziki, egunaren ardatz den kuadrillen desfileari.

Oier Zuñigak egindako kartela.

Txino dantzari eusten

Txino dantzarekin harreman estua dute Aretxabaletako Aratusteek. Dantzaren jatorria ez da ezagutzen, ezta esanahia ere, baina jakinekoa da XX. mendearen hasieran egiten zela. Gerra zibilak bertan behera uztera behartu zituen dantzariak; handik urte batzuetara, 1967an, hasi ziren herritar batzuk ohitura berreskuratzeko lanean. Juan Jose Gartziaetxabek pausoak eta janzkera moldatu zituen; Demetrio Iriarte txistulariak, musika; eta Ramon Erañak, hitzak itzuli. Izan ere, gerra aurreko koplak gazteleraz abesten zituzten. 1934. urtera arte, kintoek dantzatzen zuten, baina, berreskuratu ondoren, dantza taldearen esku geratu zen hainbat urtez. 1998an sartu ziren lehenengoz neskak talde horretan, eta ordutik dantzatzen dute neska-mutilek elkarrekin.

Txino dantza 1998an jaiotako kintoen eskutik. (Argazkia: Imanol Soriano).

Ohitura ez zedin galdu, kintoei eman zitzaien horren ardura, eta aurten, 2003an jaiotako hamabi lagunek girotuko dituzte kaleak.

Kukumarroetatik karrozetara

Francoren diktaduraren ostean berreskuratu ziren Aratusteak. Hasierako urteetan, edozein trapu zaharrekin janzten ziren herritarrak, kukumarro jantzi ere. Eta ondoren, poliki-poliki, mozorrotzen hasi ziren. Inma Miguel Kultura teknikariak gogoan du 1986an herritar gutxi batzuk mozorrotu zirela; fundamentu gutxirekin, gainera: "Hurrengo urtean askoz gehiago animatu ziren, eta handik aurrera gora eta gora egin zuen kopuruak".

Mozorrotzeko ohitura etxean jaso dute aretxabaletar gehienek. Izan ere, familian jantzi izan dira umetan. Hori berretsi du Ibai Zangituk, Aretxabaletako jaiaren arima denak: "Gurasoekin hasi ginen gu, nik 7 bat urte nituela, 1994 inguruan", eta gaineratu du: "Umeon bueltan gurasoak ere elkartu ziren gero, eta haiek ere kuadrillan mozorrotzen hasi".

Gurasoek eta umeek osatutako kuadrilla handia mozorrotuta, 1994 inguruan. (Argazkia: Ibai Zangitu).

Urtetik urtera mozorro ikusgarriagoak sortzen joan ziren kuadrillak, eta motor hotsez eta gasolina usainez kaleak betetzen zituzten ibilgailuak gero eta gehiago ziren. Horrek desfile baten beharra utzi zuen agerian: "Hasieran era kaotikoan irteten ziren kuadrillak; alde batetik ibilgailu batek, beste batetik kamioi batek, eta sarritan ezin pasatu ere geratzen ziren kaleetan. Horregatik, hori arautzea erabaki zen".

2006ko Aratusteak mugarri izan ziren. Mozorro festan zeresan handia zuten hainbat kuadrillak beste bueltatxo bat eman nahi izan zioten jaiari, eta, hilabeteetan lanean jardun ondoren, proposamen batzuk aurkeztu zizkieten udal ordezkariei. Haiengandik, baina, ez zuten oniritzirik jaso, eta hori agerian uzteko, aldarrikapen ekitaldia egin zuten Aratuste-domekan: "23-F+3 ekimena izenpean estatu kolpea egin genuen, besteak beste, Udalak ez zigulako lokalik eman mozorroak gertatzeko. Herri bazkaria, ostera, bai, hori egin zen eta 600 bat lagunek bazkaldu genuen kiroldegian, lehenengoz".

23F+3 ekimenekoak estatu kolpea ematen. (Argazkia: Ibai Zangitu).

Kuadrillen arteko elkarlan hori izan zen Atxabaltako Karnabalen Lagunak taldearen lehen zimentarria, eta, geroztik, Udalarekin elkarlanean jarduten du. Talde horrek hurrengo urtean lortu zuen karrozak gertatzeko lokala, eta, ordutik, urtero jartzen du herritarren eskura Udalak. Eta kuadrillak saiatzen dira buruari eragin, irudimena martxan jarri eta mozorro ikusgarriak gertatzen; horren adibide dira, besteak beste, Lehoi Erregea, UDAkoen Vietnamgo gerra, Corriendo eta eski gunea.

Txapel Txin, giroa piztera

Atxabaltako Karnabalen Lagunak izenpean elkartutako Azpigarri, Zelabaixota, Moñordak eta K23 kuadrillen ekimenez Txapel Txin eguna sortu zen 2008an. "Joselu Gonzalezi sartu zitzaion buruan Aratuste aurreko asteburuan zerbait egin beharra zegoela giroa pizteko", dio Zangituk. Txino dantzari erreferentzia eginez hautatu zuten izena, eta, dantzariek legez, txapelen bat jantzita irteteko dei egin zieten herritarrei. Lehenengo urtean, baina, ez zen pertsonaiarik izan: "Neu irten nintzen txaketa arrosa bat eta betaurreko batzuk jantzita, eta pregoia eman nuen". Hurrengo urtean, Zelabaixota kuadrillakoek Txapel Txin sortu zuten: goma-aparrarekin egindako buru berde-berdea. Eta handik hiru bat urtera, gaur egungoa ekarri zuten. Ondoren, Txin-txin umea ere etorri da, baina aurten "konfinatuta" utzi dutela jakinarazi du Zangituk.

Txapel Txin gaztetxo artean, joan den zapatuan. (Argazkia: Imanol Soriano).

Atzetik datorren harrobia

Urtebeteko loaldiaren ondoren zelako jaia ote dator? Udalak eskainitako lokala erabiltzeko giltza sei bat kuadrillak hartu dute; ez dira asko, baina herritarrak azken orduan animatzen direla beti dio Miguel Kultura teknikariak. Desfilean ohiko izan diren zenbaitek oraindik ez dute erabaki zer egin. Baina, era berean, kuadrilla gazteak gogotsu datoz atzetik leku eske. Horregatik, harrobia badagoela uste du Zangituk: "2020an bultzadatxo bat izan zuen jaiak. Bazkari golfoa antolatu genuen, eta horren eraginez gazteak gehiago inplikatu ziren". Orain, urtebeteko geldialdiaren ostean, berriz hasi beharra dagoela dio: "Martxan jartze hori ez dakit zelakoa izango den. Izan ditugun bileretan sumatu dut jendea gogotsu dagoela; hainbat kuadrillatako hamar bat lagun elkartu gara eta antolatze lanetarako ere erreleboa badagoela esango nuke".

Dena den, Aratusteak are gehiago indartu daitezkeela uste du: "Tarteka astindutxo bat ematea ondo dator, indarra ez galtzeko". 2022koa, osasun egoerak baldintzatu du, baina hurrengorako proposamenak jasota dituzte: "Kuadrillei sariak eman beharrean karrozak gertatzeko dirulaguntzak ematea, adibidez, Tolosan bezala". Horregatik guztiagatik datorren urtea erabakigarria izango dela dio.

Agurra, martitzenean

Aratuste-martitzena ikastetxeetako neska-mutikoen eguna izaten da, baita merkatariena ere. Eguerdian saltokiak itxi, mozorrotu eta bazkaltzera joaten dira horiek. Azken urteotan, baina, behera egin du ohitura horrek eta gutxi batzuk elkartu izan dira. Iluntzean, Txinen hiletarekin, esaten diote agur jaiari herritarrek. Hain zuzen ere, 1987an egin zen lehenengoz Txinen hileta: "Aratuste jaiei bukaera emateko zerbait falta zela uste zen. Eta txino dantzarekin lotura eginez asmatu zen", azaldu du Miguel teknikariak. Horren ardura kintoek dute, eta horrekin, Santa Agedaren bueltako jaia ere agurtzen dute.

Eta aurten, mozorrotzeko asmorik?

Mari Karmen Etxeandia

"Kuadrillako gutxi batzuk mozorrotuko gara eta desfilean ez dugu hartuko parte; izan ere, ez dugu astirik izan behar den moduan prestatzeko mozorroa. Dena den, saiatuko gara kaleak girotzen. Ia 40 urte daramatzagu Aratusteetan parte hartzen, hasieratik, eta ezer ez egiteak pena handia emango liguke".

Lourdes Quintanilla

"Senarra eta biok bakarrik mozorrotuko gara, gurekin irten izan den bikotea ez da animatu eta. Familian hasi ginen mozorrotzen orain dela urte mordoa; gure amak ere gustuko zuen eta seme-alabak ume zirenetik jantzi gara. Desfilean irteten, ostera, 2010ean hasi ginen; aurten, ikusi egin behar".

Joselu Gonzalez

"Ez dakigu mozorrotuko garen; Txapel Txin egunean afaria dugu eta orduan erabakiko dugu. Hain zuzen ere, 2008an jardun genuen Txapel Txin eguna sortzeko lanetan, eta ni neu ere orduan hasi nintzen desfilean parte hartzen; gogoan dut marinel jantzi ginela, itsasontzi eta guzti".

Mikel Alberdi

"Galdetzea ere mozorrotuko garen! 14 bat urterekin hasi ginen lagunok, baina karrozarekin, serio, kinto izan ostean. Arlutz taberna inguruko hiru kuadrilla elkartzen gara, eta horrela, zerbait handiagoa egiteko aukera daukagu. Aurten, benetan gogotsu gaude ospakizunari ekiteko".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak