Hiri Antolamenduko Plan Orokorra zehazteko prozesuaren bigarren fasea abian da

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 14a, 15:55

Aretxabaletako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lanketa aurrera doa, eta bi aste iraungo duen bigarren faseari ekin diote gaur. Inkesta bat betetzeko eskatuko diete herritarrei –online– eta aurrez aurreko bi saio egingo dituzte.

Iazko azaroaren 15etik abenduaren 3ra bitartean egindako saioetan diagnostikoa zehaztu zen eta handik ateratako alternatibak, irizpideak eta helburuak landuko dituzte orain, HAPOren bigarren fasean, herritarrekin batera.

Bi aste iraungo du fase horrek, eta parte hartzeko, hainbat bide jarriko dituzte herritarren eskura. Gaurtik otsailaren 27ra bitartean inkesta bat bete ahal izango da online www.hapo-aretxabaleta.eus webgunean.

Eta aurrez aurreko bi saio ere egingo dira. Lehenengo bilera, otsailaren 22an, izango da eta hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, natura-ingurunea, mugikortasuna eta etxebizitza. Bigarrenean, hilaren 24an, ekipamenduak eta espazio publikoak izango dira ardatz.
Bi bilerak Arkupen egingo dira, 18:00etatik 19:30era.

Horiez gain, saio espezifikoak ere egingo dituzte hainbat talderekin: ikastetxeekin, haurrekin, gazteekin, udaleko teknikariekin… Gainera, landa auzoetako alkateei eta herrian kokatutako zenbait sektoretako jarduera ekonomikoei galdetegi bat bidaliko diete.

Nahi dugun Atxabalta da HAPO idazteko prozesuaren leloa eta Aretxabaletako etorkizun urbanistikoaren diseinua herritarren inplikazioarekin egin nahi du Udalak.

Diagnostiko-fasean 450 herritarren parte-hartzea

Lehenengo fasean, diagnostiko-fasean, 450 herritarrek parte hartu zuten; 287k online galdetegia beteta eta 163k antolatutako saioetan. Parte-hartzaile horietatik, %54 emakumeak izan ziren. Udalak eta prozesua dinamizatzen ari den den Lur Studio enpresak oso positibotzat jo dute parte-hartze maila hori.

Mahai gainean jarritako bederatzi gaietatik interes handiena zeintzuk piztu duten jakinarazi dute: espazio publikoek eta ekipamenduek, eta, ondoren, mugikortasunak eta ingurune naturalak. Era berean, adostasun maila handiena mugikortasunarekin, espazio publikoarekin eta natura-ingurunearekin lotutako gaietan eman da. Desadostasun handienak, berriz, ekipamenduen, jarduera ekonomikoaren eta etxebizitzaren esparruetan sortu dira.

Diagnostikoan egindako proposamenetako batzuk zeintzuk izan diren jakinarazi dute Udaletik:

  • 1. Espazio publikoa: HAPO berrian espazio publikoa eta haren erabilerak –paseoak, jolasak, kirola egitea…– areagotzea planteatzen da. Herrian haurrentzako eta gazteentzako gune estali bat izan behar dela ikusten da.
  • 2. Ekipamenduak –hezkuntzakoak, osasunekoak, kirolekoak, soziokulturalak, asistentzialak…–: Parte-hartzaileen iritziak askotarikoak dira. Pertsona horien erdientzat gaur egun dauden ekipamendu soziokulturalak ez dira nahikoak.
  • 3. Mugikortasuna: HAPO berriak oinezkoen mugikortasun segurua eta irisgarria lehenetsi behar duela uste dute partaideek.
  • 4. Ingurune naturala: Urkulu nabarmentzeko beharra ikusten da, zaindu eta babestu beharreko gune interesgarri gisa.
  • 5. Etxebizitza: Prozesuan parte hartu dutenek uste dute beharrezkoagoa dela lehendik dauden etxebizitzak hobetzen laguntzea, etxebizitza berriak eraikitzea baino. Hutsik dauden etxebizitzen kopurua murrizteko ekimenak egitearen alde ere agertu dira. Eraikin berriak aurreikusiz gero, gehienak babestuak izatea planteatzen da.
  • 6. Jarduera ekonomikoa: Beharrezkoa ikusten da merkataritza eta hurbileko zerbitzuak bultzatzea. Iritzi desberdinak daude egungo lurzoru industrialaren eta hirugarren sektoreko lurzoruaren kopurua mantendu behar den ala ez.
  • 7. Jasangarritasuna eta klima aldaketa. Plan Orokorrak Aretxabaleta prestatu behar du klima aldaketari aurre egiteko, energia eraginkortasunaren, mugikortasun iraunkorraren eta azpiegitura berdeen bidez.
  • 8. Inklusibotasuna eta osasuna: HAPO berriak herri inklusiboaren, trinkoaren eta erabilera aniztasunaren aldeko apustua egin behar du, biztanle guztien eguneroko beharrei erantzunez.
  • 9. Ondarea: Ondare eraikia babestu behar da, nahiz eta kasu batzuetan uste duten haren elementu batzuk baino ez liratekeela babestu behar.

Hainbat urtetako prozesua

Plan orokorra idaztea prozesu luzea da, eta bost edo sei urtez luza daitekeela gogorarazi dute Udaletik eta zein fase dituen jakinarazi: diagnostikoa, HAPOren aurrerakina, Plan Orokorraren hasierako onarpena, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak