Gipuzkoako 28 udalerritan abian jarriko den Treba Gurasoak ekimena Aretxabaletara iritsiko da datorren astean. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du eta Udalak bat egin du horrekin; Kurtzebarri eskolaren eta Arizmendi ikastolaren laguntza izan du, baita bi ikastetxeetako guraso elkarteena ere. Gurasoak hezkuntza gaitasunetan prestatzea du helburu horrek, baita haurren eta nerabeen bizi kalitatea hobetzea ere.
Gurasotasun positiboa
Gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa da Treba Gurasoak programa. "Harreman afektibo osasuntsu, babesle eta egonkorrak sustatzeaz gain, errutinetan eta ohituretan egituratutako hezkuntza-ingurune bat sortzeko", azaldu dute antolatzaileek eta gaineratu "estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak" sustatu nahi direla programa horrekin: "Haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aitortuz, eta haien eguneroko bizitzan lagunduz".
Datorren astean bi hitzaldi
Hiru hitzaldi eskainiko dituzte datozen asteetan. Lehenengoa, astelehenean izango da, otsailaren 14an, eta Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak komunikazio ez bortitza izango du berbetarako gai. Bigarrena, hilaren 16an da; emozioek familian duten garrantziaz eta horiek seme-alabekin nola zaindu azalduko du Donna Apellaniz adimen emozionalaren hezitzaileak.
Azkena, apirilaren 27an izango da, eta Hezkuntza Zientzietako doktore den Rakel Gamitok egingo du berba Interneteko ohituren, arriskuen eta erabilera seguruaren gainean.
Hiru hitzaldiak Arkupen izango dira; lehenengoa gaztelaniaz (18:45ean) eta gainerako biak euskaraz (18:00etan). Argibideak gura dituenari Gazteria Zerbitzuan emango dizkiote: gazteria@ aretxabaleta.eus eta 943 71 18 62.