Marga Zubia: "Zaletasun bati heltzeko sekula ez da berandu"

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 12a, 09:30

Marga Zubia pintorea erakusketa aretoan, lanak zintzilikatzeko zain. (Argazkia: Anabel Dominguez)

Arrasateko Margo taldeko kidea da Marga Zubia Lezeta (Arrasate, 1950) ea bakarkako lehenengo erakusketa jarri du Arkupen. Askotariko gaiak jasotzen dituen pintura-olioekin osatutako bilduma da eta otsailaren 28a arte izango da ikusgai –astelehenetik egubakoitzera goizez eta arratsaldez, eta zapatuetan, goizez–.

Bakarkako erakusketa jarri duzu lehenengoz.

Bai, halaxe da. Arrasateko Margo Taldearekin urtero jartzen dugu erakusketaren bat edo beste Kulturaten, baina nik neuk bakarrik ez dut sekula egin.

Eta beldurrik eragin edo errespeturik sorrarazi dizu horrek?

Urduri egon naiz egun batzuetan, bai, eta non sartu ote naizen neure buruari ere esan diot hainbatean. Orain, baina, behin jarrita, lasaitu naiz. Gainera, jendea badabilela erakusketa aretoan esan didate; hortaz, gustura.

Olio-pinturak dira, baina zein ezaugarri dute?

Guztira 23 daude eta gaiak askotarikoak dira: paisaiaren bat edo beste, loreontziren bat eta abstraktuak ere badaude. Boladak izaten ditut eta aldatzen joaten naiz gaiak; adibidez, hilabete batzuetan gai bat hartzen dut oinarri eta lan mordo bat sortu, eta aspertutakoan, aldatu eta beste gai bati heltzen diot.

Eta koloreei dagokienez zer duzu nahiago?

Ilunak erabiltzen ditut asko, baina era berean kolore biziak ditut gustuko. Adibidez, beltza azpian eta gero gainean zuriak eta beste hainbat kolore bizi sartzen dizkiot.

Pintura munduan ez zara hasiberria.

Ez, 20 urterekin hasi nintzen eta hamar bat urte izan nituen oso emankorrak. Bien bitartean bi ume izan nituen, lanean ere banenbilen eta ezin nintzen iritsi kontu guztietara. Horregatik, utzi egin nion margotzeari eta urte asko egon nintzen ezer egin barik. 50 bat urte nituela erakusketa batzuk ikustera joan nintzen, eta harra sartu zitzaidan; halaxe ekin nion berriro. Sasoi hartan Kutxak egoitza soziala zuen Arrasaten eta han egin nituen hiru urte, ondoren Monterronen urtebete bat, eta gero Arrasate Margo taldean sartu nintzen.

Hortaz, irakasleekin jardun duzu ikasten?

Bai, lauzpabost izan ditut, Bingen de Pedro eta Amaia Agirre esaterako, eta orain Rikardo Azkargortarekin nabil.

Eta zure lanek garapenik izan dutela uste duzu?

Ba ez dakit zer esan. Batzuetan uste dut lehen hobeto margotzen nuela eta hurrengoan, ostera, alderantziz. Ezberdin margotzen dudala esango nuke, bilakaera bat izan dudala. Batzuetan neure lekua ezin topatu ibiltzen naiz, baina hurrengoan, oso gustura jarduten dut.

Arrasate Margo Taldean gustura zabiltza?

Oso gustura nago eta pozik jarduten dut taldean. Guztira 24 kide gara baina elkartzen garenak hamalau bat, beti antzekoak, eta giro benetan polita dugu. Guztiok gara oso ezberdinak, eta agian horregatik, elkar osatzen gara. Orain, gainera, Kulturolan izango du egoitza taldeak eta ea aldaketak zer dakarren.

Zaletasun bati heltzeko ez dago adinik?

Ez, ez, sekula ez da berandu. Pentsa, nik 72 urte ditut eta hor nabil oraindik. Gogoa izanez gero edonor has daiteke ikasten eta lanean, eta gainera, animatuko nuke horretara.

Herritarrak erakusketa ikustera joan daitezen zer esango zenieke?

Baliteke batzuk harrituta geratzea ikusten dutenarekin; beste batzuei, ostera, ez zaie gustatuko eta hobeak badaudela esango dute. Nik ikustera gonbidatuko nituzke, eta gero askatasunez esan dezatela gura dutena; kritika guztiak hartzen ditut nik ondo, guztietatik ikasten delako zerbait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak