Ikasten bukatu eta garai txarrak zirela-eta, bere kontura jarri zuen negozioa Aida Merinok. Hutsune bat igarri zuen herrian, eta aretxabaletar txikitxoenei laguntzen die eskola kontuetan, duela zortzi urtetik.
Formazioz, irakaslea zara?
Gizarte Hezkuntza ikasi nuen lehenengo, eta ostean Haur Hezkuntza. Betidanik argi nuen ume edo gazteekin harremane- tan nahi nuela lana egin.
Zer da lan honen onena?
Ikasleak hona datozenetik nolako bilakaera duten ikustea. Asko oso gazte hasten dira gurekin eta ikusten dituzunean unibertsitatean, edo adibidez, orain kinto moduan dantzatzen, izugarrizko poztasuna da guretzat.
Eta kontrara, okerrena?
Ikaslearen frustrazioa askotan zure egiten duzu. Batez ere, saiatu arren, helburuak lortzen ez dituztenean.
Matematikak oso gorrotatuak izan dira, baina zertan igartzen duzue gabezia handiena?
Hizkuntzetan. Zailtasunak dituzte hizkuntza barneratu eta ulertzeko. Horrek, azken baten, beste irakasgai denetan ere eragiten du. Esaterako, matematiketan ez baduzu ulertzen buruketak dioena, nahiz eta eragiketa egiten jakin, ezingo duzu buruketa egin. Txikitxoak bai, baina batez ere DBH eta Batxilergoko ikasleak dituzu...
Zer moduz nerabeekin?
Ba, egia esan, oso ondo. Ez gaituzte eskolako irakasle bezala hartzen. Askotan esaten diet galdetzeko beldur barik, klaseko zalantza guztiak hemen argitzeko. Oso giro ona sortzen da nerabeekin.
Eta irakasleekin?
Batzuei ez zaie gustatzen akademiako azalpena eramatea ikasleek... Denetik dago, batzuk ez dute nahi izaten. Baina esango nuke asko aldatu dela kontua. Orain eskoletan ere harremana estuagoa da eta orokorrean irakasleak elkarlanean aritzeko prest daude.
Azkar antzematen dira ikasle alperrak klaseetan?
[Barre] Hasiera-hasieratik harrapatzen ditugu. Erraz antzematen da zein saiatzen den eta zailtasunak dituen benetan, edo zeinek ez duen kolpe zorririk jotzeko gogorik.
Aretxabaleta bezalako herri batean, ume guztiak kontrolpean izango dituzu dagoeneko...
Hemen ondo funtzionatzen du kalean kontatzen denak. Hainbeste urteren ostean ikasleekin eta haurrekin, jende asko ezagutzen dut eta ezagutzen naute beraiek ere. Zentroko kontaktua, edo nire telefonoa, Aretxabaleta erdik izango du [barre].