Julen Zaitegi: "Animo mezu hauekin zaila da futbola uztea"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ots. 5a, 10:00

Julen Zaitegi UDAko futbol jokalaria, 'Karpin' txakurrarekin.

Urtarrilaren 2an, lotailu gurutzatua hautsi zuen Julen Zaitegik, Ohorezko Erregional mailako UDAko jokalari arrasatearrak entrenamendu batean. Otsailaren 17an egingo diote ebakuntza

Hirugarren aldiz hautsi du lotailu gurutzatua UDA futbol taldeko aurrelari arrasatearrak. Oraingoan, ezker hankakoa izan da, eta, errekuperazio luzea aurretik, ez du argi futbola utziko duen ala ez.

Nola izan zen lesioa?

Urtea hasi berri, entrenamendu batean keinu txar bat egin eta belauna joan zitzaidan. Astebetez egon nintzen zein lesio zen jakiteke, soilik lotailu gurutzatua ez izatea nahi nuen, baina halaxe izan zen. Egun batzuk makuluekin aritu naiz, baina dagoeneko oinez ondo ibiltzeko moduan nago. Hori horrela, ebakuntza otsailaren 17an egingo didate, eta gero gerokoak.

Lotailu gurutzatua hausten duzun lehenengo aldia ere ez da, gainera.

Hala da; 22 urterekin, Cultural Durango taldean nengoenean, nire ustez, nire futbol ibilbideko momentu onenean, eskuineko lotailu gurutzatua hautsi nuen, eta, UDAn nengoela, duela bost-sei urte inguru, berriz hautsi nuen hanka berekoa. Orain, ezkerreko hankan gertatu zait, eta ebakuntza egin, hankak lurrean jartzen hasi, mugikortasuna eta indarra hartu eta pau-soz pauso pazientziaz hartzea geratzen zait.

"Eskuin hankako lotailu gurutzatua bi aldiz apurtuta, ezker hankakoa izan da orain"

Maiatzaren 2an, 37 urte beteko dituzu; futbolari agur esateko ordua iritsi zaizu?

Lesioa izan berri, hasierako egunetan futbola utziko nuela argi nuen, baina UDA kirol elkartetik eman didaten elkartasun mezuekin, taldekideen babesarekin... zalantzak ditut. Ez dut argi esan nahi bueltatuko naizela, funtsezkoena ondo errekuperatzea da. Adin bat dut, baina gustatuko litzaidake ondo errekuperatu eta, posible bada, denboraldi oso bat edo erdia egitea. Gainera, lagun batek ere esaten zidan "futboleko botak jantzita hil behar da", eta halakoekin berotu egiten naute futbolean jokatzen jarraitzeko. Etapa honetan, ibilbide luzea dut aurretik, eta epe motzeko erronkak ezarri behar ditut, bestela, zoratu egingo naiz eta.

Ibilbide luzea izan duzu futbolean, oparoa, eta goi mailako taldeetan aritu zara; konta egidazu zure futbol ibilbidea.

Alebinetan, Realera joan nintzen eta bertan aritu nintzen kadete mailara arte. Garai hartan, Canal Plus torneoa jokatu nuen, eta bertan zegoen nire kuadrillako Mikel Gonzalez de Martin Gontxa, baita Markel Bergara eta halako jokalariak. Real Madril, Racing eta Celtaren aurka jokatu genuen lehenengo fasea, eta ez ginen sailkatu. Bertatik Arrasatera bueltatu nintzen. Mondra nire taldea zen, eta oso gustura aritu nintzen bertan. Gero, Eibarko maila nazionalean aritu nintzen, gazte mailan; gogoan dut denboraldian hemeretzi gol sartu nituela. Ondoren, Eibar B taldera igo ninduten, orduan Hirugarren Mailan zegoena, eta pare bat denboraldi on egin nituen. Os-tean, Cultural de Durango taldetik deitu zidaten, eta nire une onenean nengoela hautsi nuen lotailu gurutzatua entrenamendu batean. Ordutik aurrera, ez zen berdina izan. Gero, Leioan aritu nintzen, Amurrion, eta baita urte erdiz Lagun Onak taldean. Garai hartan ez nuen askorik jokatzen, uste nuen nahikoa egin nuela eta Mondrara bueltatu nintzen. Hala, orduan, UDAk deitu zidan, eta erabaki zaila hartu behar izan duen. Arrasatearra naiz, lagunak ere Arrasatekoak, familiakoak ere Mondrakoak... Aldaketa bat nahi nuen, eta ordutik egon naiz UDAn. Esan beharra dut ez naizela damutzen, oso ondo portatu dira-eta nirekin.

Etorkizunean zer egingo duzun erabakia hartu gabe, entretenimen-du bat topatu behar, ezta?

Ez dut taldekideekin harremana galdu nahi, eta denboraldi honetan ahal ditudan ekarpen guztiak egingo dizkiot taldeari, oraindik UDAko jokalaria naiz eta taldearen parte izaten jarraitu nahi dut. Horrekin batera, ebakuntza aurretiko prestakuntzak egiten ari naiz, eta denbora aprobetxatzen dut Karpin txakurrarekin paseatzeko. Errekuperaziorako bidelagun aparta da, eta, beraz gain, kontuan izan behar da ni lesionatu naizen arren etxekoek ere sufritzen dutela, eta bihotzez eskertu nahi diet guztiei.

Taldekideen aparteko babesa

UDAko Erregional Ohorezko Mailako taldekideak Aloña Mendiren aurkako partiduaren aurretik pankartarekin irten ziren Ibarra futbol zelaira, Zaitegiri animoak emateko. "Pankartarekin irten aurretik, bideo bat oparitu zidaten: UDAko hainbat taldetako jokalariak agertzen dira, gaztetxoak animoak ematen... Hunkituta geratu nintzen".

UDAko Ohorezko Erregional Mailako jokalariak Aloña Mendiren aurkakoaren aurretik, pankartarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak