Santa Agedaren bueltako ohiturari heltzeko gertu

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 3a, 19:00

2003an jaiotako neska-mutilak azken entsegurako gertu Iturrigorri pilotalekuan, joan den egubakoitzean.

Pandemiak ez die utzi 2002ko kintoei ospakizunik egiten, baina 2003an jaiotakoek haien lekukoa hartu dute eta otsailak 4an baserriz baserri joango dira kantuan eta eskean; kalean ere jardungo dute zapatuan, eta dantza saioa eskaini ere bai iluntzean.

Iaz ospatzekoak ziren jai gehienak bertan behera utzi zituen pandemiak, eta horien artean dago Santa Ageda egunaren bueltako ospakizuna. Aurten, oraindik egoera ez bada oneratu ere, horrekin aurrera egitea erabaki dute eta 2003an jaiotako 74 bat gaztek kantuan eta eskean jardungo dute gaur eta bihar. Dantzek ere ez dute hutsik egingo; joan den egubakoitzean, azken entsegua egin zuten Iturrigorri pilotalekuan, txistulariek lagun eginda, eta Santa Ageda egunez, herritarren aurrean jarduteko gertu daude.

Zapiarekin helduta

"Ohiko legez ospatuko dugu, ez dago aparteko nobedaderik", jakinarazi dute neska-mutilek. Hala, gaur, Santa Ageda bezpera, baserriz baserri joango dira kantuan eta eskean: "Koplak ikasteko entsegurik ez dugu egin; nork bere aldetik jardun du". Goizean goiz irtenda herriko auzo guztietatik eta haietako baserri gehienetatik pasatuko dira; baita ikastetxeetatik ere.

Zapatuan, ostera, kalerik kale jardungo dute, eta iluntzean (19:00), aurtengo lehenengo dantza saioa eskaini Herriko Plazan, aretxabaletarren aurrean. Ondoren, beste lau domekatan ere egingo dute dantzan; Aratuste-domekara bitartean.

Egoera epidemiologikoa kontuan hartuta aldaketatxo batzuk sartu dituztela jakinarazi dute: lepoan eramango dituzten zapiarekin helduta joango dira, eskutik beharrean, eta agurra dantzatzeko bakarrik aterako dituzte herritarrak plazara.

2002koek, txanda-pasa 19 urte beteko dituztenak batzen ditu antzinako tradizio honek. Gazte horiekin jarduten du urtebete aurretik kinto izandako taldeko gazteenak, ohituraren gaineko zertzeladak erakusteko, baita hurrengo urteko kinto-taldeko nagusienak ere, ikasteko. Iaz, 2002an jaiotakoei zegokien ospatzea, baina osasun egoerak txanda-pasa egitera behartu zituen. Urtean zehar beste data batzuk jarri bazituzten ere, oraindik, behintzat, ez dute halakorik egin, eta 2002ko kinto gazteenak erakutsi beharrean ikasten jardun du gainerakoekin batera.

Kurtzebarrikoak eta erretiratuak ere bai

Bestetik, Kurtzebarri eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeak ere irtengo dira kantuan gaur goizean; baita Basotxoko erretiratuek ere iluntzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak