Kepa Errasti: "Barkamenari buruzko drama musikatua da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko urt. 22a, 09:05

Kepa Errasti, Hika Teatroaren 'Tarara' ikuskizunaren une batean. Argazkilaria: Dani Blanco.

Alacanteko Josi Alvaradok idatzi eta sariak irabazi dituen Tarara antzezlana eskainiko du Hika teatroak Arkupe kultura etxean domekan, 19:00etan; sarrerak agortuta daude.

70eko hamarkadako Bilbon kokatu du Hikak istorioa, San Frantzisko auzoan. Han bizi dira Rosa (Tania Fornieles eta Jurdana Otxoa) musikaria eta Jasmin (Kepa Errasti), gaueko auzoko klub bateko abeslaria eta prostituta.

Errenterian estreinatu zenuten aurreko asteburuan. Zer moduz?

Sentsazio oso onak ditugu, jendeak obra gustura ikusi zuen.

Nor eta nolakoa da Jasmin?

San Frantziskon bizi eta gau giroan mugitzen eta lan egiten du. Eta gidoian ez dagoen berezitasun bat jarri diogu guk, euskarazko bertsioan azkoitiarrez egiten dut. Nik hala imajinatu dut Jasmin: Azkoititik oso gazte joan eta bere bizitza Bilboko gau giroan berregin duena. Egia esan, obrak tonu iluna du –gai asko jorratzen dira– eta Jasmin da kolorea, argitasuna eta bizi- tasuna ematen diona. Protagonistak bizi duen drama hori, eskutik eramanda, igarotzen laguntzen diona.

Gozoki bat oparitu dizu, hortaz, Agurtzane Intxaurraga zuzendariak?

Oso eskertuta nago, oso polita da-eta pertsonaia. Egoera oso ezberdinetatik pasatzen da eta gainontzeko aktore guztiekin eszena oso politak ditut. Publikoarentzako oso esker oneko eszenak direla esango nuke.

Josi Alvaradok idatzitakoa da eta SGAEk bultzatutako Ana Diosdado antzerki saria irabazi du.

Hala da; Agurtzanek obra irakurri zuenean asko gustatu zitzaion eta Hikaren aurreko lanekin antzekotasunak ikusi zizkion; nik parte hartu nuen Txarriboda-rekin, esaterako. Alvaradorengana jo eta lanketa baten ostean Hikak aretoetara eramatea adostu zuten. Obra originala Alacanten kokatuta dago, eta, konpainia euskalduna izanik, istorioa Bilbora ekartzea erabaki zuen zuzendariak.

Zein da kontakizuna?

Istorioaren bizkarrezurra Rosa Teresa da, goi mailako biolin-jolea. Eta istorioan kontatutako dena da Rosak helduarotik nola kontatzen duen txikitan gertatu zitzaion pasarte bat. Rosaren ama egoitza batean dago eta hura bisitatzera joango da, ahaztuta dituen iraganeko pasarte horiek birgogoratzeko asmoz. Jasmin da iraganeko pertsonaietako bat. Obra bidaia bat izango da, iragan hori puzzle moduan osatuz.

Horrek esan gura du denboran aurrera eta atzera egiten duela istorioak, ezta?

Bai, eta hori ere erakargarria du, nire ustez, obrak. Haria jarraitzeko ikusleari aktibo egotea eskatzen dio, eta hori oso interesgarria iruditzen zait.

Barkamenari buruzko istorioa dela diozue.

Hala da; barkamena, zentzu eta erpin askotan. Iraganeko istorioak barkatzeko gai garen hausnartzera bultzatzen du. Askotariko gaiak jorratzen dira, baina, antzezlanaren izenak adierazten duen moduan, pertsonaia guztiak gizartean baztertuak daude.

Istorio gogorra da; beraz, barre gutxi egingo dugu, ezta?

Eszena oso gogorrak daude, baina, era berean, drama hori guztiori musika-uneetan goxatu edo leundu egiten da, eta gauza asko ikusten direla uste dut; gordin- tasuna ikusten da, baina maitasuna ere bai, maitasunaren zentzurik zabalenean. Oinarrian, obra gordina da, baina erraz digeritzen den gordintasuna duela esango nuke.

Kepa Errasti: "Obra gordina da, baina erraz digeritzen den gordintasuna duela esango nuke"

Rosa Teresaz eta Jasminez gain, zeintzuk dira beste pertsonaiak?

Rosa pertsonaia bi pertsonaren artean egiten dute; hau da, batetik, Rosa pertsona dago, eta, bestetik, Jurdana Otxoa biolin-jole profesionalaren eskutik, Rosaren musikari aldea dugu. Rosaren ama Telma (Eneritz Artetxe) ere badago; Lizst konpositoreren figura ere agertzen da tarteka, eta aitzakia horrekin piano-jolea dugu agertokian, Adrian Garcia de los Ojos izaten da gurekin batzuetan eta Iñar Sastre beste batzuetan. Eta bada beste pertsonaia bat ere, Cristobal (Jose Cruz Gurrutxaga) da hori. Rosaren begietatik kontatzen da istorioa.

Bi bertsio egin dituzue: euskaraz eta gazteleraz.

Bai; Errenterian estreinatu genuen euskarazkoa eskainiko dugu Aretxabaletan, eta gazteleraz, oraingoz, Alacanten eta Valentzian ditugu lotuta. Gaztelerazkoan, Sandra Ferrus da Rosa; eta Itziar Ituño da Telma.

Musikak pisua du, baina ez da antzerki musikal bat.

Momentu musikal asko ditu; piano-jolea eta biolin-jolea taularen gainean daude, eta nik ere, tarteka, abestu egiten dut. Daukan berezitasuna da –eta niri antzerkian asko gustatzen zaidana– soinu-espazio guztia, hau da, ikuskizunean entzuten den guztia, zuzenean sortzen dela, eta horrek asko janzten du.

Zer diozu eszenografiaz?

Eszenografia oso sotila da; tarima bat da, eta tarima horretan espazio asko irudikatzen dira, eta, jantziei dagokienez, nik, esaterako, aldaketa asko ditut. Ikerne Gimenez da arlo horietako arduraduna.

Aretxabaletan eskaintzeko gogoz?

Bai; oso gustuko dut nire herrian antzeztea, eta esango nuke ez nautela sekula halako tonu dramatikoan ikusi. Martxoaren 20an Arrasaten izango gara.

Irati (Paul Urkijo) filma estreinatuko da aurten. Zer moduz ibili zara?

Errespetuz hartu nuen lana, erronka zen-eta niretzako, baina giro oso ona izan da gure artean eta egokitu zaidan pertsonaia oso berezia eta polita da. Esperientzia aberasgarria izan da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak