Arineketan egitera, taldearen babespean

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 24a, 10:37

Korrika taldeko kideak gertu arineketan egitera joateko.

Korrika taldea sortu dute aurtengo ikasturtean Ibarra kiroldegian. Oihane Sarasketa monitoreak lagun eginda hainbat adinetako bost emakume joaten dira takarraran egitera martitzen eta eguen iluntzeetan, eta taldearen ateak zabalik dituzte.

Emakumezkoek osatutako korrika taldea eratu dute Ibarra kiroldegian, eta Athloneko monitore Oihane Sarasketa korrikalari eibartarrak gidatuta dihardute lanean udazkenaz geroztik. Gaur-gaurkoz, bost kidek osatzen dute talde hori –argazkian, hiru eta monitorea– eta martitzen eta eguenetan elkartzen dira, 19:00 bueltan. Debalde da jarduera Ibarrako abonatuendako, eta taldeko ateak zabalik dituzte probatu gura duenarentzat.

Norberaren erritmora

Bidegorria dute korrikarako pista une honetan, eta Eskoriatzarantz edo Arrasaterantz joaten dira. "Ea eguna luzatzen hasten den eta Urkulura igotzen hasten garen, hainbat ibilbide eta aukera daudelako", adierazi du Sarasketak.

Luzaketak eginez hasten dute eguneko saioa, eta gero, 35 minutu inguru egiten dute korrikan, berriro luzaketak eginda bukatzeko. Hainbat maila zehaztu dituzte, norberaren erritmoa errespetatzeko: "Egun batzuetan, elkarrekin joaten gara guztiok, eta motelenaren abiadurara egokitu. Beste batzuetan, ostera, taldeka banatzen gara; saioaren zati bat elkarrekin egiten dugu eta beste minutu batzuk bi edo hiru erritmo ezberdinetara. Horrela, bi helburu betetzen ditugu: batetik, taldea indartzen dugu elkarrekin goazenean; eta, bestetik, norberak bere erritmoan jardun dezake". Era berean, teknika ere lantzen dute, pausoa zelan eman eta eskuak zelan luzatu ikasteko.

Entrenamendu saioa bakarrik izan ez dadin erronkaren bat edo beste ere finkatu dute: "Maiatzean izaten den Otala Zelai krosa jarri dugu jomuga. Horrez gain, Behobia-Donostia aipatzen ere hasi dira batzuk, baina, oraingoz, bertako proban hartuko dugu parte, eta gero gerokoak".

Entrenatu eta ondo pasatu

Emakumeak korrikan egitera animatzea du helburu taldeak, Sarasketaren esanetan: "Gero eta gehiago ikusten ditugu han eta hemen, baina oraindik, askotan, ez gara ausartzen bakarrik irtetera. Horregatik, taldearen babesa eskertu egiten da, eta neguan are gehiago, ilunetan jardun behar denean".

Horregatik, kirol hori gustuko dutenak probatzera gonbidatu gura ditu: "Askotan ematen diren arrazoiak beldurretik sortzen dira: 'Ni gutxi ibiltzen naiz'; 'Poliki egiten dut korrikan'… Jakin erritmo guztietara moldatzen garela eta edonork duela lekua. Elkar ezagutzeko, entrenatzeko eta ondo pasatzeko topagunea da. Eta txapelketetara edo probetara taldean joateko aukera izango dugu".

Zergatik animatu zara?

Maddi Garro

"Orain dela urte batzuk hasi nintzen tarteka korrikan egiten, eta kuadrillako lagun baten arrimuan sartu naiz taldean, nahiz eta astean behin bakarrik etorri ahal izan. Motibatuta jarduteko lanean erronkatxo batzuk ere finkatu ditugu Otala Zelaiko krosean parte hartzea, esaterako".

Virginia Goienetxe

"Lesakarra naiz, baina Arrasaten nabil ikasten, eta kiroldegira igeri egitera etortzen nintzen. Monitoreak animatu ninduen eta probatzea pentsatu nuen. Hasieran, erritmoa hartzea kosta egin zitzaidan, baina orain, oso gustura nabil; eta taldearen babesa beti eskertzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak