Andeetan, Hiruatxen hurrengo proiektua

Mirari Altube Arrese 2021ko abe. 26a, 15:52

Aretxabaletako elkarteak, Mundukiderekin elkarlanean, Ekuadorko mendi ezagunetan dagoen Intag haranean kokatu du hurrengo egitasmoa eta sistema immunologikoa indartzeko ekoizpen agroekologikoa bultzatzea du helburu, tradizioan oinarrituta.

Hiruatx gobernuz kanpoko elkarteak, Mundukiderekin batera, Ekuadorren abiatu du hurrengo proiektua; Andeetan kokatutako Intag haranean, hain zuzen ere. Hala jakinarazi diete laguntza ematen dieten aretxabaletarrei egunotan, gutun bidez. Proiektu berria pandemiaren itzulinguruari erabat lotua dagoela adierazi dute Aretxabaletako GKEko kideek: "Intageko kontserbazio eta erabilera jasangarriko eremuko nekazari-komunitateak COVID-19ak sortutako osasun larrialdiari emandako erantzun gisa arnas sistema eta sistema immunologikoa indartzeko praktika tradizionalen erabilera biziberritzea da asmoa".

Arnas sistema indartzeko

Intag harana Ekuadorko iparraldean dago, eta zonalde menditsua, emankorra eta bioanitza dela jakinarazi dute. Kobre-erreserba garrantzitsuak ditu: "1990az geroztik lurraldearen %70 ustiapenerako eman zaie meatzaritza metalikoko enpresei". Egoera horretan, 60 nekazarirekin –55 emakume eta bost gizon– hasi dira lanean Hiruatx eta Mundukide: "Familiako buruak dira, seme-alaba adingabeak dituzten gurasoak. Hortaz, familia arteko ekonomia du ardatz agroekologian oinarritutako proiektuak".

Hiru ekintza zehaztu dituzte horren bueltan. Batetik, formakuntza dago, eta familien baratzeak landare berriekin integratzeko ibilbide orria zehaztuko dute; landare horiek izango dira arnas sistema immunologikoa indartzeko –infusiorako belarrak, erremedio edangarrietarako landareak…– 

Bestetik, finkak ezartzea eta horiei jarraipena egitea daude, eta horretarako, familia bakoitzaren baratzeetan landare berriak ezartzeko laguntzak emango dituzte; hautatutako espezieen landareak eta sustraiak erosiko dituzte eta nekazariei banatuko dizkiete. 

Eta hirugarren pausoa da produktu berria ekoiztea: "Naturolea du izena, bioalkohola da eta tokiko jatorrikoa. Ezaugarri prebentiboak dituzten beste produktu batzuekin batera merkaturatuko da", argitu dute.

Kolonbian eta Amazonian

Aurten hasiera emandako proiektuarekin batera aurretik abian jarritakoak bide onetik doazela jakinarazi dute. Horien artean dago Kolonbiako Quillisanga etniako 59 emakume nekazari indigenarekin garatutakoa, Mundukiderekin elkarlanean hori ere: "Ekoizpen agroekologikoan sakondu eta zuzenean merkaturatzeko bidea zabalduz". 

Bestetik, Ekuadorko Amazonian bizi diren kichwa emakumeen ahalduntze ekonomikoa lortzeko proiektua dago abian, bertako Wiñak erakundearekin batera garatutakoa; kakaoa, wayusa eta platanoen ekoizpen ekologikoa izan dute ardatz horiek. "Wiñakeko lagunek urte askoan erakutsitako konpromisoari eta lan gaitasunari eutsi diote, eta jarritako helburuak bete dira %100", adierazi dute Hiruatxekoek.

Laguntzeko bideak

Azken urteko pandemiak mundu mailako premiak areagotu egin dituela adierazi dute Hiruatxeko kideek, horregatik "gustura" agertu dira joan den zapatuko Neguko Azokan aretxabaletarrek emandako babesarekin: "Bidezko merkataritzako produktu asko saldu genituen eta Aguraingo moja klaratarrek egindako turroi guztiak ere bai".

Eskerrak ematearekin batera proiektuak laguntzen jarraitzeko kontuak dituztela zabalik gogorarazi dute; herritarrek Fiare, Laboral Kutxa eta Kutxabankera jo dezakete diru-ekarpenak egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak