Kultura Sailerako "erabateko aldaketa" gura du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2021ko abe. 8a, 08:49

EH Bilduko Ion Albizu eta Jasone Garzia-Etxabe zinegotziak.

Kultura arloan ez dela behar besteko esfortzurik egin azken bi urteetan uste du EH Bilduk, eta gainera, kultura arloko funtzionamenduarekin ez daude batere gustura. Horregatik, norabide aldaketa gura dute Kultura Sailerako, funtzionatzeko eran "aldaketa sakona" eginda.

"Kultura arloko funtzionamenduarekin ez gaude batere gustura", adierazi dute EH Bilduko Ion Albizuk eta Jasone Garzia-Etxabek: "Batzordeek ez dute inongo edukirik, ezta bertan berba egiten denak inongo baliorik ere". Kultura eta bertako programazioa, eta  horretarako kulturako udal baliabideak "era herrikoiagoan" kudeatu beharko liratekeela uste dute: "Eragile ezberdinen esku utzi beharko genuke programazioa, eta beraz, baliabideak". 

Horregatik guztiagatik, Kultura Sailaren baitan hiru osoko zuzenketa egin ditu EH Bilduk, funtzionamenduari, filosofiari eta aurrekontuari dagozkionak: "Azken finean Kultura Sailaren 180 graduko aldaketa da proposatzen duguna". Norabide aldaketa horretarako egindako proposamenek hiru helburu dituztela zehaztu dute: "Herriko kultura dinamika parametro sortzaileago eta herrikoiagoetan kokatzeko bidea hastea; udalaren eta herriko eragileen artean elkarlanean zehaztea kulturako kudeaketa eta eskaintza; eta dinamika eta programazio berriak sortzea".

Funtzionamendu "aldaketa sakona"

Hori lortzeko, baina, funtzionatzeko erak aldaketa sakona behar duela uste dute, bereziki Kultura batzordeak. Eta hiru proposamen egin dituzte: kultura batzorde zabala eratzea, modu iraunkorrean edozein herritarrek edo eragilek parte hartzeko; batzordearen edukiak gehiago lantzea, kudeaketa administratibo hutsa ez izateko; eta urteko data esanguratsuak modu partekatuagoan lantzea eta denboraz.  

Behin funtzionamendua aldatuta programazioaren zati bat herriko eragileen esku uztea ere proposatu dute Albizuk eta Garzia-Etxabek: "Eragileek erabakitzeko eta proposamenak egiteko ahalmena edukitzea. Hala, programazio berritzailea, orain baino parte-hartzaileagoa, eta herrian sustraituagoa, eta herritik kudeatutakoa edukiko genuke".

Ildo horretatik, urtero argitaratzen diren lanei babes handiagoa ematea ere proposatu dute, "sormena eta herriko dinamikak bultzatzeko". Eta deszentralizazioari dagokionez proiektu berri bat aurkeztu dute: "Landa eremuko auzoetan ekintza kulturalak egin ahal izateko diru partida berezi bat sortzea proposatu dugu, era konpartituan kudeatuta". Horretarako, 40.000 euro zehaztu dituzte.

Proposamenak bideratuta

EH Bilduk ez du kokatu nahi izan 2022ko aurrekontuen negoziazioaren barruan proposatutakoa, hori gainditzen duen zerbait dela adierazi du. Bien bitartean Udal gobernuari emendakinen eta akordiotarako proposamenen zati bat helarazio diotela adierazi du Albizuk, kulturako hau barne.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak