Martitzenean zabaldu zuten 25 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa, eta institutuko hainbat irakasle eta guraso elkartu ziren udal ordezkariekin batera Arkupeko aretoan. Lehen bisitariek ikusmin handia erakutsi zuten eta argazkiak gertutik ikusi nahi izan zituzten. Abenduaren 14a arte egongo da zabalik.
Ikasleak protagonista
Erretiratutako hainbat irakaslek –Resu Abasolo, Iñaki Urreta, Carlos Uranga, Kontxi Ruiz de Zarate eta Pili Beitia– taldetxoa osatu eta urritik jardun dute argazkiak eskatzen, aukeratzen eta sailkatzen. Argazki mordoa jaso dituzte, eta 115 inguru paperera pasatu; gainerakoak, 800 inguru, telebista bidez ikus daitezke Arkupen bertan. "Kostatu zaigu hasierako altxorrak topatzea", zioen Abasolok.
Herriko Plazako eraikina eraberritu ondoren, 2003an joan ziren institutuko ikasleak bertara; 1996tik ordura arte Lehen Hezkuntzakoekin batera egon ziren. Argazki horiek ere jaso dituzte. Protagonista nagusiak ikasleak dira, baina gurasoak, irakasleak eta gainerako langileak ere ez dira falta: "Gatzagarrak, eskoriatzarrak eta aretxabaletarrak batu ditu Kurtzebarri institutuak, eta argazkietan erakutsi dugu hori", zioen Abasolok.
Herriari bueltan eman
Jose Luis Pascual Pascu zuzendariak zioen helburua herriari eskerrak ematea dela: "Herritarrak izateko hezten ditugu gure ikasleak, eta herritarrei zor diegu garena. Horregatik, bueltan ematea nahi izan dugu jasotakoaren zati txiki bat bada ere. Erakusketaren helburua da Kurtzebarri BHI osatu dugun guztiei eskerrak ematea". Koldo Zubillaga zinegotziak, ostera, babesa agertu zion: "Kurtzebarri institutua oso garrantzitsua da, Aretxabaletan betetzen duen funtzioagatik. Eta erakundeetatik babesa ematea dagokigu".