Emakumeen kirola ezagutarazteko egitaraua gertatu dute UDAk eta Udalak

Mirari Altube Arrese 2021ko abe. 8a, 12:53

Ainhize Barrainkua, Malen Ruiz de Azua, Oihana Azkorbebeitia eta Garbiñe Etxeberria.

Emakumea eta kirola egitaraua gertatu dute Udaleko Berdintasun eta Kirol sailek, UDArekin batera, eta hor jaso dituzte film emanaldi bat abenduaren 9an eta mahai-ingurua 16an; alor askotariko kirolari ezagunak elkartuko dira Arkupen.

Emakumeak kirol arloan duen presentziari "balioa emateko ahaleginetan", Emakumea eta kirola izena jarri dioten egitaraua osatu dute Udalak –Berdintasun eta Kirol sailak– eta Aretxabaleta kirol elkarteak elkarlanean. Bi hitzordu, abenduko bi eguenetarako, zehaztu dituzte, eta, besteak beste, hausnartuko dute kirolariek gaur egun bizi duten egoeraren gainean, gizonezkoen kirolarekiko dagoen arrakalari buruz eta profesionalki zein pertsonalki kirol jardunean aurrera egiteko dituzten oztopoen gainean. Emakumeen lana jendaurrean azaltzea ere bada asmoa.

Hijas De Cynisca dokumentala

Film emanaldi bat izango da abenduaren 9an, Arkupen (19:00): Hijas De Cynisca. Beatriz Carreterok zuzendutako film-dokumentala da, eta kirolean gertatzen den genero desberdintasuna du hizpide. Erreferenteak diren eta euren ibilbidean lorpen handiak izan dituzten emakumeei eman die ahotsa Carreterok; besteak beste, honako hauenak: Almudena Cid gimnasta ohia, Ona Carbonell igerilaria, halterofilian diharduen Lydia Valentin eta eskubaloiko jokalari Carmen Martin. Nazioarteko zinema jaialdi askotan hartu du parte filmak, eta hainbat sari jaso ere bai.

Lau kirolari mahaiaren bueltan

Abenduaren 16rako, ostera, mahaiaren bueltan elkartuko dituzte zeresan handia duten hainbat kirolari, eta Emakumea eta kirola oztopoez haratago izenpean kontu-kontari jardungo dute. Laboral Kutxako txirrindulari ohi Ainhize Barrainkua aretxabaletarra, estatuko pertika-jauzilari onenen artean dagoen Malen Ruiz de Azua arrasatearra, bertako zein nazioarteko mendi lasterketetan aurrean dabilen Oihana Azkorbebeitia abadiñarra eta Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria izango dira Arkupen (19:00); moderatzaile lanetan, ostera, Ane Urkiri kazetariak jardungo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak