Aurretik, goiz partean ikastetxeetan landu zuten gaia, Kurtzebarri institutuan, Arizmendi ikastolako Almen gunean eta Aretxabaleta Lanbide Eskolan, hain zuzen ere. Ikasle subjektua identifikatzea, ezaugarritzea eta ahalduntzea izan zuten helburu lanketek antolatzaileek adierazi zutenez, eta feminismotik ikasle problematika lantzea eta alternatibak proposatzea: "Feminismoak hainbeste aipatzen duen interseksionalismoak erakutsi digu zapalkuntza ezberdinek elkarren artean duten harremana kontuan hartu behar direla subjektuak eraikitzerako orduan, eta horren baitan esan genezake neska gazteok subjektu politiko garela non neska izateagatik eta gazte izateagatik zapalkuntza espezifikoak jasaten ditugun".
Hezkuntzaren ikuspegiaren gainean ere egin zuten gogoeta: "Ikasle subjektua lantzea ere beharrezkoa ikusi dugu. Bizi garen sistema heteropatriarkalaren baitan kokatzen denez hezkuntza, sistemaren balioak eta jarrerak erreproduzitzen ditu, eta neska gazteok modu espezifikoan erasotzen gaitu. Gure erronka da eremu hauetan alternatiba feminista proposatzea, hezteko guneak espazio seguruak izateko eta ikasgaiak ikuspegi feminista batetik eman ahal izateko".
Oso gustura agertu ziren egindako lanketekin, "aberasgarriak eta interesgarriak" izan direlako.