Indarkeria matxistaren aurka jarduteko gertu

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 19a, 12:01

Emakumeekiko edozein indarkeria mota desagerrarazteko aldarrikapena kalera aterako dute Udalak eta Mugimendu Feministak, eta azaroaren 25eko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak; beste ekintza batzuk ere izango dira.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna argitara atera eta emakumeekiko edozein indarkeria mota desagerrarazteko lanean jarraitu beharraz sentsibilizatu gura ditu Udalak herritarrak. Hori erakusteko, puntu morea jarriko dute udaletxeko balkoian, eta hainbat ekintza antolatu dituzte azaroaren 25aren bueltan. Egun horretarako Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioarekin bat egin du, eta herritarrak ere gonbidatu ditu bertara; Azbetik irtengo da manifestazioa, 18:30ean.

Sentsibilizazioa lantzen

Udal talde politikoetako ordezkariekin osatuta dagoen Berdintasun Batzordean adierazpen instituzionala adostu dute. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gaitzetsi ditu horren bitartez Udalak, eta "konpromiso irmoa" berretsi du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko lanean jarraitzeko. Era berean, gogorarazi nahi izan dute aurten bost emakume hil dituztela Euskal Herrian eta 2003tik –emakumeekiko indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik– 112 emakume eta 11 haur izan direla eraildakoak. "Gizarte osoaren arazoa" dela jakitun, jendartearen eraldaketa osoa lortzea dela helburua adierazi dute. Horregatik, azaroaren 25erako antolatutako ekitaldiekin bat egin du eta herritarrak ere horietara gonbidatu dituzte; Azbetik irtengo du horrek (18:30). Aurretik, goiz partean, neska* gazte ikasleen tailerra egongo da, ikastetxeetan. 

Era berean, adierazpenean jaso dute "prebentzio eta sentsibilizazio ekintzak proposatzen eta eskaintzen" jarraitzeko Udalaren asmoa. Ildo horretatik, Nerabe eta gazteen arteko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortu berri dute, Udaleko sail batzuen eta herriko hainbat eragileren arteko elkarlanari esker.

Dokumentala eta antzezlana

Egunotako kultura ekitaldiek ere bat egingo dute gaiarekin. Hala, Nepalgo emakumeei ahotsa jartzen dien Edurne Pasaban mendizalearen Chhaupadi dokumentala emango da azaroaren 19an eta 26an, Arkupen (18:30). Antzinako tradizio hindu bat da chhaupadi, eta emakumeak behartzen ditu hilerokoarekin dauden bitartean txabola batean egotera, nahiz eta ohitura hori legez kanpokoa izan. Erlijio hinduistaren kultura matxista eta tradizionalagatik protesta egitea erabaki duten emakumeekin izan da Pasaban.

Azaroaren 28an, ostera, antzezlanari egingo diote lekua Arkupen. Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean antzerki ikuskizuna izango da (19:00). Umore ukituak dituen drama, musikal grotesko eta poetikoa da, Federico Garcia Lorcaren antzezlanean oinarritua. Naita Produkzioak-en proiektua da, eta genero ikuspegitik landuko du klasiko hori, aldarrikapen feminista eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak