Eskoriatzako estreinaldiaren ondoren, badator Aretxabaletakoa…
Bira mundiala egingo dugula diogu guk; izan ere, niretzat bi herri horietan dago munduaren erdigunea. Aurretik Pasai San Pedron egon ginen proba gisa, etxekoen eta ezezagunen aurrean jardunda. Eta oso gustura itzuli ginen; hango publikoaren berotasuna hona ekarri beharko genukeela aipatu genuen gure artean.
Hotzagoak dira debagoiendarrak?
Hango publikoa gaztea zen eta beldur gabe jardun zuten, oso animatuta. Hemengo ikusleak helduagoak izango direnez, giro hura sortzea zaila izango dela badakigu. Dena den, aldez aurretik jakiterik ez dago eta emanaldi bakoitza zeharo ezberdina izan daiteke.
60 urte betetzean izan ohi den krisiak eragin du ikuskizuna?
Ez da krisi kontua. Zenbaki borobilari kolore apur bat eman gura izan diot. 50en bueltan ere egin nituen bakarrizketak, orduan hiru ezberdin; oraingoan, baina, bakarrarekin nahikoa. Musika estilo oso antzekoa dakart; hala ere, ezberdintasun handi bat dago: zuzeneko musika. Erronka handia da hori, baina askoz aberatsagoa ikuslearendako.
Eskarmentu handiko musikariak eta etxekoak; luxua da?
Bai horixe. Gazteak izan arren, nire aldean eskarmentu handia dute. Entseguetan ikusi ditut eta aparteko gaitasuna dute, abestiak hartzeko sekulako erraztasuna. Batzuetan pentsatzen dut: "Non sartu naiz?". Baina, era berean, esaten dut: "Zein polita den gazteekin lan egitea eta haiek ere pozik ikustea…".
1961era itzultzea proposatzen duzu musika bidez?
Neure jaiotza-urtea denez, orduko kontuak ekarriko ditut. Lehenengo, bakarrizketa saiotxo bat egingo dut, ordukoak gogora ekarriz: pertsonaiak, gertaerak… Herriko kontuak ere aipatuko ditut. Eta gero, hamahiru abesti abestuko ditut, eta gehiago ez noa aurreratzera.
Zeure gustuko musika? Euskal abestiak?
Denetik dago; izan ere, gure bira mundiala da! Aitortzen dut kantuen aukeraketa egitea ez dela samurra izan.
Gertatze lanak luze joan dira?
Lehenengo, neure lana dago; zer gura dudan zehaztea. Horri denbora asko eskaini diot, edozein abesti ezin dudalako aukeratu: musikariendako egokia izan behar du, publikoak ezagutzen duena… Musikari baten milaka abestitatik 48 aukeratu nituen eta hortik lau. Uztailean pasatu nien musikariei eta irailean hasi ginen entseguekin; zazpi edo zortzi egin ditugu.
Zeure ametsa betetzen zabiltza?
Ez dakit ametsa den, baina oso gustura nabil. Barruan ditudanak ateratzeko modua da; umetako kontuak, adibidez. Niri on egiten dit horrek eta etxekoek ere gustura ikusten dute. Eta entzuleren bati ere on eginez gero, ezin gehiago eskatu!
Ikusleak zerekin gera daitezen nahiko zenuke?
Ikusle bakoitzari proposatuko nioke norberaren jaiotza-urtearekin ikerketa txiki bat egiteko eta zeresana izan duen kantaren bat aukeratzeko; ikusiko dute ez dela batere samurra.
70 urte betetzean beste bat?
Orain gura dudan bakarra da emanaldiak pasatzea, behar den moduan lo egiteko.