Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) testuinguruan egin zuen kanpoko igerilekuen inguruko proposamena EH Bilduk. Herritarren iritzia jakin gura zuen orduan, erabakitzeko Plan Orokorra idazteko mahaira eraman edo ez gaia. Eta azken hilabete eta erdian herritar askorekin hitz egin eta eztabaidatu dutela adierazi dute: "Zaila da parte-hartze hori zifratan zehaztea, baina baiezta dezakegu eztabaida bizia eta oso emankorra izan dela. Ez da zeharka pasatu den gaia izan", adierazi dute prentsa-ohar bidez eta gaineratu: "Jende gehienak, aurkeztu dugun proiektua onartzen duela adierazi digu, batez ere horrelako azpiegitura batez hornitzearen egokitasunari dagokionez". Kokapenaren kasuan, ostera, iritzi ezberdinak egon direla aitortu dute: "Abeltzaintza-sektoretik adierazi digutenez, ahultasun-egoera nabarian dagoen sektore batean presio handiagoa egitea ez zen aukera bat, eta proiektua mehatxutzat hartu zen".
Eztabaidarekin jarraitzeko asmoa
Behin"entzuketa-fasea" bukatuta eta iritziak jasota EH Bilduk erabaki du "jende gehienak esandakoa errespetatzea" eta "inoren kontra" doan proiekturik ez jartzea abian: "Ondorioz, kanpoko igerilekuen beharrari buruzko eztabaidarekin jarraitzeak merezi duela uste dugu, eta eztabaida hori Plan Orokorraren eztabaida-prozesuaren esku uzten dugu, beharrezko bidea eman diezaioten. Hala ere, hasieran planteatutako kokapena ez dugu baliozkotzat jotzen, inongo zalantzarik gabe babesten dugun sektore bati mehatxu egin diezaiokeelako". Horregatik, beste kokapen bat eta "horien inpaktuak" aztertu beharko direla Plan Orokorraren prozesuaren baitan gaineratu dute.
Eztabaida prozesuan parte hartu duten guztiak eskertu gura izan dituzte "zintzotasunagatik". Eta diote herritarren parte-hartzea "apaltasunean benetako erabakimenean eta, ondorioz, herriaren borondatea onartzean" planteatu behar dela.