Biolontxeloaren muinak arakatzea, gozagarri

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urr. 16a, 10:05

Eñaut Zubizarreta Mendieta aretxabaletarra txelo-jole profesionala da. Argazkia: E.Z.

Biolontxelo-jole profesionala da Eñaut Zubizarreta Mendieta TRIGGER, eta liburu batekin lagunduta dagoen bakarkako bigarren diskoa argitaratu berri du: Poliedro Vol.I; Aitor Etxebarria musikariaren eta Wood Strings egitasmoetako kide ere bada.

Arrasate Musikalen hasi zen haurra zela biolontxeloa ikasten, eta formakuntza klasikoan trebatu zen Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bartzelonako ESMUCen.

Diskoa liburuarekin

Esku bi hamar hatz autoekoiztutako estreinako lana argitaratu zuen 2019an, eta dagoeneko kalean du Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen Batera egitasmoaren bidez eta Forbidden Colours diskoetxearen babesarekin argitaratu duen Poliedroak Vol. I izenekoa.

Disko soil bat baino, proiektu zabalagoa dela dio musikariak: "Txeloaren inguruan egin dudan ikerketaren emaitza da poliedro hau. Batetik, formatu eta estilo ezberdinetan ateratzen saiatu naiz txeloa, eta, horrez gain, Euskal Herrian dagoen hutsune pedagogiko bat bete guran, formakuntza ardatz hartuta, obra guztien partiturak eta horiek interpretatu ahal izateko jarraibide metodologiko bat jaso dut liburuan, bidean ikasitakoak komunitatearekin elkarbanatzeko. Pasarte batzuk gaian adituak direnendako azalpen teknikoak dira, baina, orokorrean, diskoa entzunaz bat liburua irakurtzea gomendatzen dizuet, obren interpretazio zabalagoa egiten laguntzen duelako".

Poliedro Vol. I. diskoaren azala

Txeloaren hiru aurpegi

Hemeretzi kantu instrumental batzen ditu bildumak. "Poliedroaren kontzeptualtasuna sartu gura nuen eta lamina baten, modu mekanikoan edo zientifikoan, azaltzen den moduan aurkeztu. Hori horrela, batetik, Aurretiko bista dago, bakarkako txelo formatua da hori, aurrez eta inolako tranpa barik; Albotiko bista dator gero, binakako eta hirunako formatuan jotakoak; eta Goiko bista da hirugarrena, tekno estiloraino hurbilduta".

Dorleta Santutegian grabatu zuen, egun bakarrean, lehenengo zatia, eta Aretxabaletako Nekrosounds estudioan, berriz, beste biak; Ander Sevillak grabatu eta nahastu du bilduma. "Kontzertuetan eta Forbidden Colours-en bandcamp-ean daude eskuragarri eta Durangoko Azokan, Forbidden Colours-en standean ere bai. Zuzenekoetan Quico Puges eta Jokin Garmendia txelo-joleak eta Amaiur Luluaga dantzaria izango ditut lagun".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak