Bereizgarri duen biolontxelotik abiatuta, "musika sortu, ulertu eta bizitzeko" baliagarria den egitasmoa jarri du abian Eñaut Zubizarreta Triggerek: Poliedro Vol.1 diskoa eta liburua. 2019an kaleratu zuen Esku Bi Hamar Hatz autoekoizpenaren ostean, txeloarekin "bide berriak zabaltzea" helburu duen ekimena da, mundu mailan dauden interpretazio korronteak ezagutu eta Euskal Herrian "jakintza horiek errotu eta harrobia sortu asmoz".
Forbiddencolours disketxearen babespean argitaratu ditu oraingoan musikari aretxabaletarrak bere bi lanak. Biolontxeloarekin imitatzen saiatzeko zuen "beldurra galdu", eta "poliki-poliki eraikitako bidea" bistaratzen da 19 kantaz osatutako diskoan, "gustatzen zaizkidan musika genero horietara hurbildu nahian". Txeloa bakarka, hirukotean zein looperarekin osatzen dira abestiok. Liburuari dagokionez, txeloa "ulertzeko" egindako literatur lana da, "konfort akademikoaren" eremutik harago, "paradigma aldaketa bat egitera gonbidatuz, sorkuntzarekin, interpretazioarekin eta ingurune sozialarekin geroz eta lotura gehiago ezarri asmoz".
Aurkezpen emanaldi sorta
Udazkenarekin batera, euskal sortzaileen plazetan egongo dira eskuragai Triggeren lanak; ohiko dendetan zein abenduaren 3tik 8ra egingo den 56. Durangoko Azokan, hain zuzen. Eta musikari aretxabaletarraren txeloa bertatik bertara entzuteko nahia duten horiek ere izango dute non aukeratu, urte amaiera bitarte lau kontzertu eskainiko baititu: Aiaraldea Ekintzen Faktorian (urriak 9), Ordiziko Herri Aretoan (azaroak 18), Soraluzeko Herriko tabernan (azaroak 23) eta Markina-Xemeinen (abenduak 5).