Artisauen eta nekazaritza ekologikoaren 26. azokak 35 bat postu eroan zituen Durana eta Mitarte kaleetara –lehenengoz azken honetara–. Karpa txikietan banatuta antolatu zituzten postu horiek eta jeneroa "gustura" ikusi eta erosteko aukera izan zuten herritarrek. Hala adierazi du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak: "Pilaketa barik mugitzeko aukera izan zen, nahiz eta jende asko elkartu, eta hori eskertu egin dute gerturatu zirenek". Era berean, saltzaileak pozik agertu zirela jakinarazi du: "Pentsa, batek edo bestek itxiera ordua baino lehen kendu behar izan zuen postua, jenero guztia salduta". Iratzar taldearen emanaldira eta herri kirolak ikustera ere jende asko gerturatu zela gaineratu du. "Herritarrak normaltasunera itzultzeko gogoz dauden seinale da hori, eta jaiekin disfrutatzeko gogotsu ere bai; horregatik, eskertuta agertu dira antolatutako ekitaldiekin".
Ohiturari jarraituz, Kurtzebarri eskolako ikasleek ortuan jasotako barazkiak eta fruituak saldu zituzten. Eta Arizmendi ikastolakoek etxean egindako bizkotxoak eta pastelak, baita eztia eta gazta ere.
400 talo inguru
Loramendi elkarteak, ostera, talo-txosna jarri zuen Herriko Plazan, eta herritarrek harrera ezin beroagoa egin zioten: "Taloen erosketa-eskaera aldez aurretik egin beharra zegoen, eta 299 genituen hitzartuta. Baina horiek guztiak egin ondoren orea geratu zitzaigun eta beste 100 bat saltzeko aukera izan genuen eskaera eginda ez zutenen artean", azaldu du Ainhoa Sanchez teknikariak. 55 bat lagunek jardun zuen horiek egiten: "Ea hurrengo urtean taloak jan gura dituzten guztiendako egiteko moduan gauden!".
Gaztetxoak paintball-ean
Nerabeek, ostera, paintball-ean egin zuten jolas Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek abian jarritako Bixi egitasmoari esker. 40 inguruk emana zuten izena, baina 50 baino gehiagok hartu zuten parte. "Gaztetxoekin asmatzea ez da batere samurra; hortaz, oso pozik gaude izandako erantzunarekin".