Herria hobetzea helburu duen taldea, kide bila

Mirari Altube Arrese 2021ko ira. 30a, 08:55

Pedro Etxebarria, Joxepi Barandiaran, Itziar Errasti eta Luis Mari Otxoa.

Bederatzi urte daramatza Aretxabaleta Lagunkoiak lanean herrian. Erretiratuek osatutako taldea indartu egin gura dute, lagun berriak sartuta; izan ere, oraindik lan asko dagoela egiteko uste dute eta erronka berriei heltzeko gertu daude, gainera.

Elkarren artean, edozein gairen gainean, hitz egiten ikasteko jarri zuten abian taldea 2012an, eta lan-saio mordoa egin zituzten orduan, "sekula eztabaidatu gabe". Hortik abiatuta, herriaren gaineko diagnostikoa egin zuen Aretxabaleta Lagunkoiak, eta handik urte batzuetara berrikusi eta osatu. Egindako lana udal ordezkariei erakutsi diete eta hainbat bilera egin dituzte txostenean jasotakoen gainean jarduteko. Taldea hamabost bat lagunek osatzen dute, baina adinean aurrera doaz horiek, eta jende berriarekin indartzea da asmoa. Hala, hitzaldia antolatu dute urriaren 5erako, taldearen nondik norakoak azaltzeko; komentuan izango da (18:00), eta interesa duten guztiak gonbidatu dituzte bertara.

Zortzi arlotako eskaerak

"Gure taldearen ezaugarrietako bat da erretiratuok osatzen dugula. Eta udal teknikariak geuk deitutakoan bakarrik datoz, gure zalantzak argitzeko", azaldu du Pedro Etxebarria kideak, eta gaineratu: "Era berean, udal ordezkariekin elkarlana oso garrantzitsua izan da. Guri erantzuteko agertu dira beti Ongizate zinegotzia zein alkatea".

Taldean elkartu dira haien artean "inolako zerikusirik ez" duten kideak. Herriaren gaineko behaketa eginez eta ideiak eta iritziak mahai gainean jarrita, Aretxabaletaren gaineko diagnostikoa egin dute. "Hori bakarrik ez, GSR egoitzaren gaineko txosten bat ere egina dugu, baita eskualde mailan uraren gaineko beste bat ere, ibaia eta araztegia kontuan hartuta, esaterako", dio Etxebarriak.

Herriaren gaineko txostena zortzi arlotan banatu dute, eta arlorik zabalena aire zabalari eskaini diote. Bertan jasotako batzuk nabarmendu gura izan dituzte: "Gure eskaeren artean daude: Santutxutik Lausitarako pasabidea egitea; Larrino eta Bedoña artean behar den moduko pasabidea txukuntzea; Aozaratzatik Urkuluraino jarraipena ematea bidegorriari; komunak bidegorrian, Arrasatera bidean; tutoretzapeko pisuak… Guk proposatutakoak dira horiek, eta batzuk kontuan hartu eta egin ere egin dira, Herriko Plazatik Santa Kurtz kalera dagoen arrapala, esaterako, eta animalien gaineko ordenantza, nahiz eta hori garatzeko egon oraindik".

Zortzi arloak:

  • • Aire libreko guneak: parkeak, bidegorriak, ibaia, garbitasuna, zirkulazioa, Plan Orokorra…
  • • Garraioa: taxiak, autobusak…
  • • Etxebizitza: etxeetara sarrera –igogailuak–…
  • • Parte-hartzea: komunikazio sareak, bizilagunak, tokiko komertzioa…
  • • Errespetua eta inklusioa: hezkuntza, belaunaldi arteko zubiak, bazterketa…
  • • Enplegua eta partehartzea: aisialdia…
  • • Informazio bideak: teknologia berriak…
  • • Ongizate eta osasun zerbitzuak: marjinazioa eta pobrezia, etxez etxeko zerbitzua, egoitzak, medikua…

Kide berrien beharra

Taldea haztea dute helburu orain, hori indartuta kontu gehiagori eta erronka berriei heltzeko: "Taldea handituz gero, batzordeak egingo genituzke, eta talde txikietan landu gai zehatzak: ibaia, adinekoen egoitza, bakardadea… Horretarako jendea behar dugu, eta 70 urteren bueltakoak badira, hobeto; baina gogoa izanez gero edonor sar daiteke". Erronka berrien artean Komertzio Lagunkoia dute begiz jota. "Aretxarterekin elkarlanean jardungo genuke, haren bitartez iritsi komertzioetara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak