"Urteak daramatzagu gaia behar den lekuan kokatzen Aretxabaletan, baina ez da erraza izaten ari erresistentzia handiak daudelako ideiak eta proiektuak aurrera eroateko", adierazi du Ion Albizu bozeramaileak komunikabideen aurrean. Gaineratu du, energiaren kontsumoa jaistea izan behar dela helburu nagusia garraioan, industrian zein eraikinetan.
Horretarako, "esfortzuak indartzea" erabaki dute eta energia-mahaia sortu: "Horren helburua da hausnarketak eta proposamenak egitea: batetik Udalera begira, baina herritarrei begira ere bai". Taldea abian jarri dute baina interesa duen edonorentzako zabalik ditu ateak, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte;nahikoa da honako helbidera idaztea: ehbildu@aretxabaleta.eus.
Proposamen batzuk dagoeneko landuta dituztela adierazi du, eta horiek bultzatzeko asmoa dute, Udalak "trakzio lanak" eginda eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearekin, esaterako. Honako eskaera hauek egingo dituzte: komunitate energetikoak lantzeko neurriak hartzea, herritarrak ahalduntzeko; Aretxabaletako teilatuen ahalmen fotoboltaikoen azterketa egitea, produkzio ahalmena zenbatekoa den jakiteko; eta aholku bulegoa sortzea, herritarren kezkak argitzeko.
Mikel Otero legebiltzarkidearen hitzaldia
Etorkizuneko energia izenarekin hitzaldia eskainiko du EH Bilduko legebiltzarkide den Mikel Oterok urriaren 5ean, martitzena, Arkupen (18:30). Krisi ekologikoaren, klimaren eta energiaren gainean egingo du berba.
Itzalaldia urriaren 8an
Bestetik, urriaren 8rako (22:00- 22:30) argindarraren prezioaren igoeraren aurka iragarrita dagoen itzalaldian parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei, "une horretan zarata ateraz".