Hogei urtetik gorako ibilbide oparoa duen Kimuak plataforman jarduten du Txema Muñozekin batera Aretxabaletako Esther Caberok.
Zorionak! Pozik?
Eskerrik asko! Urduri samar egon gara aurreko egunetan, baina oso pozik igo ginen martitzenean Victoria Eugeniako agertokira, eta lortu genuen gero nerbioak ahaztu eta galarekin gozatzea, eta oso egun polita izan zen.
Sariaren bidez, itzaletik argitara atera zarete.
Bai, hala da; ez da gure ohiko lekua fokuaren aurrean egotea, atzeko lanetan baizik; izan ere, Txema Muñoz lankidea eta biak teknikariak gara. Azken finean, Kimuak da saria jaso duena, eta entitate horren ordezkari moduan guri egokitu zaigu aurtengo saria jasotzea.
Ze garrantzi ematen diozu Zinemira sariari?
Sorpresa handia izan da, sektoreko elkarte nagusietatik –Donostia Zinemaldia, EPE-APV eta IBAIA ekoizle-elkarteak– datorrelako sari hori; hortaz, sektorearen babesa sentitzea hunkigarria da. Aurreko aldietan nork jaso duen ikusita, are gehiago: Imanol Uribe, Alex Angulo, Elias Querejeta.... Estreinakoz, bada, pertsona batek beharrean egitasmo batek jaso du, eta oso eskertuta gaude, duda barik!
Ze helburu ditu Kimuak egitasmoak eta noiz abiatu zen?
Euskal ekoizpenak banatzeko, nazioartean ezagutzera emateko eta sustatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egitasmo bat da. 1998an jaio zen, banaketa esparruan hutsunea zegoelako. Garai hartan, euskal filmak egiteko dirulaguntzak ematen zituen Eusko Jaurlaritzak, eta film arrakastatsuak ere bazeuden, baina ez zen horien banaketa bermatzen. Hori horrela, orduan Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendari zen Amaia Rodrigezek eta gaur egun Zinemaldiko zuzendari den Jose Luis Rebordinosek formula hau asmatu eta martxan jarri zuten. Eta, harrezkero, hala ari gara film laburrak eta euskal filmak nazioartean ezagutzera ematen.
Esther Cabero: "Nire lan ibilbidea euskal zinemara lotuta izan da beti"
Eta zu, Esther, noiztik zaude Kimuak-en lanean?
Hamaika urte dagoeneko, eta aurretik Zinemaldian jardun nuen lanean; hortaz, ikusten duzuen moduan, nire lan ibilbidea euskal zinemara lotuta izan da beti.
Zelan banatzen dituzue lanak?
Denetik egiten dugu biok: filmak batu, ikusi, katalogoak osatu, jaialdietara joan... Lan dezente dago, bai.
Azken katalogoa edo bilduma aurkeztu berri duzue Donostian.
Bai; urtero legez, zapatuan egileen eta protagonisten aurrean eskaini genituen emanaldi pribatu batean, Zinemaldian. Elkar ezagutzeko aukera polita izan zen oraingoan ere.
Azkeneko bilduman dago Mikel Gurreak zuzendu duen eta Haizea Oses arrasatearra protagonista den Heltzear filma. Zelakoa da?
Spoiler handirik ez dut egingo, filma pantaila handian ikusteko aukera izango delako. ETAko kide izateagatik protagonistaren anaia kartzelan edo ihes eginda dago, egileak ez du argi erakusten, eta Sarak (Haizea Oses), nerabe izanda, errealitateari aurre egin beharko dio, eta eskalada izango du horretarako tresna edo baliabide nagusi.
Noiz izango da ikusteko aukera?
Udazkenean zinema jaialdiak eta bestelako ekimenak izango dira, eta horietan eskaintzeko ahaleginetan ari gara.
Veneziako Mostra jaialdi ezagunera ere heldu da. Ez da gutxi!
Ikaragarria izan da, bai; izan ere, Mostran lehenengo aldiz erakutsi da euskarazko film labur bat. Zaila da edozeinendako haraino heltzea, eta lortu dugu!
Uste duzu sortzaileek eskertu egiten dutela Kimuak-en ahalegina?
Bai; hori esaten digute. Nazioartean filma ezagutzera ematea bermatzea ahalbidetzen du Kimuak-ek, eta, era berean, eurei, zinemagileei, banaketa prozesua ahazteko aukera ematen die egitasmoak, eta proiektu berrietan sartu ahal izateko aukera eman; modu baten esanda, bu- ru-karga bat kentzen diegu.
Debagoieneko zinemagile askoren lanak batu dituzue zuen bildumetan.
Hala da! Asier Altuna Kixi-k, esaterako, zazpi lan ditu jasota, lehenengo katalogotik hasita, gainera, 1998an Txotx zegoen eta. Aitor Arregi oñatiarraren lanak ere badaude, eta baita Arrasateko Iban del Campo zuzendariak egindako bi ere, azkenekoa iazkoan, eta Érase una vez en Euskadi film luzea aurkeztu berri duen Manu Gomez arrasatearraren Hilarri ere bai.
Zuen egitasmoa aktoreentzako ere erakusleiho aparta da. Zuk ere hala uste duzu?
Hala da, bai, aktoreentzako ere teknikarientzako ere hala dela esango nuke. Beste programa batzuekin batera, Kimuak-ek Euskal Herrian zinema industria ehuntzen lagundu du.
Esther Cabero: "Euskal zinema industria ehuntzen lagundu dugu"
Asier Altunak Hondalea dokumentala aurkeztu du egunotan. Ikusi duzu?
Erakunde eta bestelako elkarte askorekin bilera asko izan ditugu egunotan, eta ezin, bada, oraingoz, Kixi-ren lana ikusi, baina lehenbailehen ikusteko gogoa dut, bai.
Eta Manu Gomezena ikusteko aukerarik izan duzu?
Nire asmoa hori zen, baina, azkenean, ez nuen gonbidapenik lortu, ez baita samurra, baina, duda barik, ikusi beharreko filmen nire zerrendan dago hori ere. Bailaran egindakoa izateak eta gertuko gertakariak kontatzeak kuriositatea sortzen dit. Zinema arloko langileaz gainera, zinemazalea ere bazara.
Zer film ikusi dituzu egunotan?
Zinema aretoetan ikusteko zailak diren filmak ikusten saiatzen naiz Donostia Zinemaldian; eta, nola ez, euskal filmak beti daude nire zerrendan. Iciar Bollainek zuzendutako Maixabel ikusi nuen lehenengo, eta ondoren, Danimarkako As in heaven, Argentinako Camila sale esta noche filma eta O gemer (Intziaria) euskalduna.
Gustatu zaizu Maixabel?
Gustatu zait bai. Gogorra da, baina pertsonaien bilakaera eta bizipenak ikustea hunkigarria egin zitzaidan. Ondo eratuta dago filma.
Eta zer diozu O gemer filmari buruz?
Xabi Erkizia soinu diseinatzaile nafarrak egin du. Euskal ekoizpen gehienetan egiten du lan Erkiziak. O gemer pelikula sentsoriala dela esango nuke, ez dauka dialogorik ez musikarik. Gizakiok lurraldearekin dugun harremanaren gaineko hausnarketa da, idiek tira egiten duten gurdien intzirietatik abiatzen dena. Gomendatuko nuke ikustea, euskaldunon historiarekin ere lotura handia du.
Bihar da Zinemaldiaren azken eguna. Atseden hartzeko deseatzen ala penaz bukatzeko?
Aurten inoiz baino film gutxiago ikusi ditut, eta, alde horretatik, pena ematen dit amaitzeak, nahiz eta datozen estreinaldien zain egon... Bestalde, edizio hau oso intentsua izan da, bizipen askorekin, eta eskertuko dut domekan atseden hartu ahal izatea.
Aurrera begira ze erronka ditu Kimuak-ek?
Ikus-entzunezko panorama izugarri aldatu da 1998tik. Une bakoitzera egokitzen joan gara, baina azken bizpahiru urteetan kontsumitzeko, ekoizteko eta abarrerako ohitura berriek aldaketa esanguratsuak ekarri dituzte, eta horrek gure eredua birpentsatzea ekarriko digu.
Esther Cabero: "Profesionalki une onean nago; hazten eta ikasten pozik"
Eta, eremu pertsonalagoan, zein da zure ametsa?
Profesionalki une onean nago, zoriontsu sentitzen naiz egiten dudanarekin. Hazten eta ikasten jarraitu nahi dut, eta, zorionez, sektore honen erritmoak horretara behartzen zaitu.