Ohiko jaiak berreskuratu ezin izan badira ere, Aretxabaletako Udalak kultura ekintza sorta antolatu du astebururako: "Azokaren esentzia berreskuratu nahi izan dugu, baina, formatu murritzagoan, eta egungo baldintzetara egokituta. Normaltasun handiagoranzko bidean gaude, baina oraindik azken ahalegina egin behar dugu, elkar zainduz", azpimarratu du Ainhoa Caberok, Kultura zinegotziak. Era berean, "arduraz eta zentzuz" jokatzeko dei egin du, nahiz eta Labik prebentzio neurriak malgutu dituen. "Sanmigelak ospakizun herrikoiak dira, aretxabaletarrek asko maite dituztenak, baina oraindik ez dira baldintza guztiak betetzen normaltasun osoz bizitzeko", berretsi du Kultura zinegotziak. Azkenik, programaz gozatzeko dei egin du beharrezko osasun neurriak hartuz.
35 postu, guztira
Sanmigeletan, artisautza eta elikagai ekologikoen azoka izaten da programako hitzordu garrantzitsuena. Aurten, Sanmigel kulturala izenpean, irailaren 25ean, hau da, zapatu honetan egingo da, eta izango da bertan zer ikusi, zer dastatu, zer erosi eta zer galdetu bertako zein kanpoko artisau eta ekoizleei. Izan ere 26. edizioak hogeita hamabost postu batuko ditu formatu egokituan, eszenatoki berriak gehitu dituzte, postuen arteko distantzia eta pandemiari aurre egiteko gainerako prebentzio neurriak bermatzeko. Hala, erakustokiak hiru eremutan jarriko dira: Durana eta Mitarte kaleetan eta, edizio honetan berrikuntza gisa, baita Iralabarri plazatxoaren azpian ere, 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Azoka irekitzeko eta egunari hasiera emateko, gainera, Aretxabaletako txistularien diana izango da. Kalera aterako dira herriko txistulariak eta herriko kaleak alaituko dituzte, herritarrei azokara joateko dei eginez.
Azoka, hiru eremutan
Iralabarri plazaren azpialdean atonduko dute aurten nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur Elkarteak, Aretxabaletako Udalak eta Landaolak antolatutako azoka ekologikoa, eta bertan hogei postu izango dira, guztira: barazkiak, frutak, pasta, gatza, eztia, landareak, arropa, gazta, marmeladak, ogia eta sagardoa izango dira, besteak beste, eta, Euskal Herriko zenbait ekoizle batuko diren arren, herrikoak ere izango dira bertan, beste zenbait urtetan moduan: Maria Jesus Revuelta barazkiekin, esaterako, eta Mandibitzu baserrikoak gaztarekin.
Artisautza eta nekazaritza ekologikoaren azoka, hiru eremutan banatuta egongo da
Hori horrela, ekoizle hauekin edo gainontzekoekin aukera aparta izango dute azokara gerturatzen diren herritarrek, produktu ekologikoak bertatik bertara eskuratzeko, garaiko produktuak zeintzuk diren jabetzeko eta edozein zalantza edo informazio gura badute, ekoizleekin zuzenean jarduteko.
Horrekin batera, nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur Elkarteak, gainera, bertan jarriko du bere postua, behar duenari argibideak edo bestelako informazioa emateko, eta abian duen Gure lurrina izeneko bazkidetza kanpainari buruzko informazioa ere zabaltzeko. Hala, interesdunei biolurkide izateko eskaera eginez, Gipuzkoako elikadura ekologikoaren ekoizpen sareari laguntza emateko.
Ekologikoa erdigunean
Azokara eramango diren produktu guztiak modu ekologikoan ekoitziak izango dira, natura, animalia eta gizakien eta osasuna eta etorkizunarekiko errespetuz eta inolako kalterik eragin gabe ekoiztutakoak. Ekoizpen ekologikoak, gainera, hainbat abantaila ditu, norberaren osasuna ez ezik, ingurumena ere zaintzen duelako eta, hartara, hurrengo belaunaldiei ere lurraren emankortasuna bermatzen zaielako. Hori horrela, kalitate handiko elikagaien barietate zabala batuko da Aretxabaletako artisautza eta elikagai ekologikoen azokan.
Herriko artisauen ordezkaritza
Artisau lanen eta bestelako produktuen hamabost postu ere jarriko dituzte artisautza eta elikagai ekologikoen azokan. Horiek Durana eta Mitarte kaleetan egongo dira, eta, besteak beste, joskintza lanak, bitxiak, egurrezko lanak, lore sikuak, musika tresnak… izango dira. Batez ere, bailarako artista eta ekoizleek beteko dituzte postu horiek, eta Aretxabaletako ordezkaritza azpimarratzekoa izango da. Izan ere, Ariane Unanue, Mari Luz Osorio, Lara Gonzalez, Izaro Sanchez Nerea Maskariano, Isabel Gonzalez eta Aritz Olano herritarrak izango dira bertan beraien produktu eta lanekin.
Taloak erreserba bidez prestatuko dituzte aurten, eta guztiak salduta daude dagoeneko
Eskaripeko talo goxoak
Tril Emakume Taldeak prestatutako taloak dastatzeko aukera ere izango da, beste hainbat ediziotan moduan, baina oraingoan, Herriko Plazan izango dute euren postua. Hala ere, aurrez eskatzeko dei egin zuten talogileek, eta, guztira, 250 talo egingo dituzte; dagoeneko guztiak dituzte salduta. Izan ere, produktu preziatua izaten da sanmigeletan txistor edo hirugihar taloa, eta izaten diren ilarak saihesteko modu horretan egitea erabaki dute talogileek.