Maila handiko bertsoak, balkoitik balkoira botata

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 23a, 19:06

Iaz, Sebastian Lizaso eta Jon Maia aritu ziren Balkoitik balkoira; argazkian, Lizaso balkoian hasteko gertu.

Beste urte batzuetan erabilitako formatua erabiltzearen aldeko apustua egin dute oraingoan ere Lekaixokakoek. Hala, Beñat Gaztelumendi eta Etxahun Lekue batuko dira udaletxe zaharreko balkoian, zapatuan, 13:00etan, bertsotan era zabalean egiteko.

Aretxabaletako Lekaixoka bertso eskolak azken urteetan bere aletxoa jarri du San Migel jaietan, eta aurten ere beste zenbaitetan erabilitako formatu berarekin antolatu dute hitzordua, Balkoitik balkoira izeneko bertso saioarekin. Aurreko edizioetako maila berari eutsiz, Beñat Gaztelumendi eta Etxahun Lekue bertsolariak izango dira lan horretan, eta saioa udaletxe zaharreko balkoitik izango da oraingoan, 13:00etan hasita.

Udaletxe zaharrean

"Aurretik, birritan egin dugu San Migel jaietan bertso-saioa Balkoitik balkoira formatuan. Orain arte, Pagaldaixenien jartzen zuten Loramendiko Tril emakume taldekoek talo-txosna, eta bertako bizilagunei eskatzen genien bi balkoi uzteko; hala, herritarrek taloa jan bitartean saioa entzuteko eta, bide batez, kalea girotzeko asmoz. Aurten, baina, Pagaldaixeneko lokala ez dago libre, eta talo-txosna Herriko Plazara eramango dute. Beraz, udaletxe zaharreko eraikinean egingo dugu saioa, Loramendin. Gela Soziala deitzen den gela bat dago bertan, eta armarriaren parean bigarren solairuan dauden bi leihoak erabiliko ditugu. Hala, inori bere etxera sartzeko eskatzen aritu beharrean… Formatuak funtzionatzen duela esango nuke, eta, ekarri ditugun bertsolarien maila ikusita, saio ederra eskainiko dute, ziur", adierazi du Unai Bengoa Satza-k.

Puntako bertsolariak

2019an, Alaia Martin eta Igor Elortza bertsolariak aritu ziren Balkoitik balkoira bertsotan. Iaz, berriz, Sebastian Lizaso eta Jon Maia aritu ziren, eta aurtengo ekinaldian, Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako txapeldun izandakoa eta Etxahun Lekue Bizkaiko txapeldun izandakoa arituko dira. Horrenbestez, aurreko edizioetan besteko maila altua egongo da Durana kaleko saioan. Hala, probintzien arteko pikeak alde batera utzi, eta modu librean abestuz aretxabaletarren gozagarri izango den ikuskizuna eskainiko duten aurreikuspena dute Lekaixoka bertso eskolako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak