Odei Vazquez: "Errespetua kirolaren aurretik jarri behar da"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 11a, 11:12

Odei Vazquez karateka aretxabaletarra gerriko beltzarekin.

Uztailaren 17an Getxon jokatutako probetan Hirugarren Dan gerriko beltza eskuratu zuen UDAko karateka Odei Vazquezek. Orain, erronka berriak prestatzen ari da.

5 urte zituenetik karatean ari da Odeiz Vazquez aretxabaletarra. Sendo entrenatuz gerrikoak batzen eta, aldi berean, txapelketetan maila ona ematen aritu da orain arte, eta bide beretik jarraitu nahi du. Iazko denboraldi gorabeheratsuaren ondoren Hirugarren Dan gerriko beltza lortuta, orain denboraldiaurrea prestatzen ari da, eta bere buruari erronka berriak ezartzen.

Hirugarren Dan gerriko beltza lortu duzu. Zer dakar horrek?

Gerriko asko daude, zuritik hasi eta beltzeraino. Behin gerriko beltza lortuta, maila ezberdinak daude: hamar Dan daude, baina ibilbide luzea izan behar da guztiak lortzeko. Esaterako, hirugarrena eskuratuta, laugarrena lortu nahi izanez gero, beste lau urte beharko nituzke. Hala, Hirugarren Dana lortzea maila bat gorago egotea da, eta garrantzitsua da, baina gerrikoa ez da txapelketetan lortzen. Karatea kirol karatea da, dominak lortzeko balio duena… eta gerrikoa lortzeko, berriz, azterketa bat egin behar da tribunal baten aurrean.

Zure hurrengo erronkak zeintzuk dira?

Hirugarren Dan gerriko beltza lortu dudan moduan, aitak Laugarren Dan gerriko beltza lortu du, eta biok ondo entrenatu gara gure helburuak lortzeko, batak besteari lagunduz. Orain, berriz, batetik, Laugarren Dan gerriko beltza eskuratzea dut helburu, eta, bestetik, txapelketetan goi mailan aritzea eta ahalik eta lan txukunena egitea. Iaz, gerrikoan zentratu nintzen, zenbait txapelketa bertan behera geratu zirelako. Aurten, baina, txapelketetan gehiago arituko naiz. Irail amaieran Kantabrian jokatuko dut txapelketa bat, eta ondoren Toledora joateko gogoz nago. Gero, urriko hirugarren asteburuan Liga Nazionala izango da Azkoitian, aurten etxetik gertu; beraz, asmoa bertara ahalik eta prestatuen joatea da.

"Fisikoki eta mentalki gauza asko lantzen dira karatean, eta balio asko jaso"

Aita duzu irakasle. Alde onak eta txarrak izango ditu horrek.

Gauza on asko ditu aita entrenatzaile izateak, baina txarrak ere beste horrenbeste. Nire aita 18 urte zituenean hasi zen karatean, eta, beraz, txikia nintzenetik ikusi dut etxean, aitaren borroketako bideoak ikusi ditut txapelketetan lehiatzen… Berak zaletu ninduen karatera, eta beti esan izan diot bera nahi nuela nire entrenatzaile. Hala, irakasle titulua atera zuen, eta ordutik ari naiz berarekin. Aita beti dut laguntzeko prest, eta, ez soilik entrenamendu orduetan. Horrekin batera, eskatzen didan exijentzia maila handia da, eta konfiantza dagoenez, ba, badakizu…

Zer eman dizu zuri karateak?

Txapelketetan ibili zaitezke edo ez, gerrikoak lortu ala ez… Aukera zabala da, baina biak uztartzean zure mugak gainditzen dituzu eta motibazioa ere altuagoa da. Fisikoki eta mentalki gauza asko lantzen dira karatean, eta balio asko ematen ditu.

Errespetua ere oso presente dago kontaktuzko kirolean, ezta?

Kirolaren aurretik eramaten da errespetuz jokatzea. Tatamira sartzen zaren unetik ikusten da hori. Agurtu egiten duzu borroka aurretik, irteten zarenean; zure gerrikoa altuagoa bada, gainera, ardura bat duzu besteei laguntzeko. Irakasleari ere ezin zaio gaizki erantzun, epaileei ere ezin diezu ezer esan, nahiz eta beraien erabakiarekin konforme ez egon…

Karateka baten entrenamenduak nolakoak dira?

Astean hiru egunetan ditugu entrenamenduak, baina nire aldetik ere egiten ditut entrenamenduak, guztiak karateari zuzendutakoak. Horrenbestez, astean bost edo sei egun egiten ditut, zalantza barik. Ondo entrenatu beharra dago, emaitzak lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak