Osasun etxe berria oraingotik metro gutxi batzuetara egongo da, Errekabarren kalean bertan –Urats Gain adinekoen egoitza zaharrean–. Udalaren eraikina izanik, Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko prozeduraren lehen pausoak eman ditu, udalbatzak aho batez onartuta, eta, ondo bidean, irailean haren eskuetan utziko dute lanak has daitezen. Horiek hasi bitartean, beste zeregin batzuetan murgilduta daude Debagoieneko ESIko zein Udaleko kideak; horien artean, Karmele Uribarri eta Javier Mar zinegotziak. Azken hori, hain zuzen ere, gaur egungo osasun etxeko lehen medikuetako bat izan zen.
Mediku gaztea koordinatzaile
1982aren aurretik anbulatorioa zegoen Aretxabaletan, Herriko Plazan kokatutako udaletxearen beheko partean, hain zuzen ere. Kontsultategi txiki bat zen eta goiko partean medikuaren bizitokia zegoen, Luis Orruñorena azken urteetan. Osasun etxea Errekabarren kaleko etxebizitzen aterpean zabaldu zuten, 1982ko abenduan, eta zabaltzearekin batera iritsi zen Javier Mar durangarra, 1983eko urtarrilean. "Gasteizen egin nuen familia medikuntza erresidentzia eta Aretxabaletako plaza sortu zenean bertara aurkeztu nintzen, herria ezagutu ere egin barik".
1982ko abenduan ireki zuten osasun etxea eta Javier Mar medikua urtarrilean iritsi zen koordinatzaile lanak egitera.
Debagoieneko Ospitalean dihardu azken 25 urteetan eta erretiroa hartzeko urte eta erdi inguru geratzen zaio. Baina ondo gogoan ditu lehen urteak: "27 urte nituen, oso gaztea nintzen, eta koordinatzaile ardura eman zidaten; pentsa, ni baino nagusiagoak koordinatu behar!". Hala ere, lantalde bat sortu izana gustura hartu zutela uste du: "Osasun etxea sortu aurretik ez zegoen lantalderik, bakoitzak bere kasa egiten zuen lan: praktikanteak, batetik; medikuak, bestetik… Eta eskertu egin zuten talde bat sortu izana".
Aretxabaleta eta Eskoriatza artean lau mediku eta lau erizain zeuden sasoi hartan; erizain horietako bi emaginak ziren. "Eskoriatzan pasatzen nuen nik kontsulta, hango medikuari lagun eginaz, baina larrialdiak eta txandak bi herrietan egiten nituen. Lanean hasi nintzen lehen astean, Aratusteen bueltan, izugarrizko elurtea egin zuen; nik ez dut gogoan beste halakorik! Baserrietatik Land Roverrarekin jaitsi behar izan zuten hainbat egunetan nire bila". Sasoi hartan, etxeetara asko joaten ziren gaixoak artatzera, eta kale guztien izenak ikasi behar izaten ziren: "Ez zegoen oraingo GPSrik eta eskuko telefonorik... Buska bat izaten genuen eta han abisua jasotakoan ospitalera deitzen genuen, nora joan jakiteko. Orduantxe ikasi nuen zer zen benetako lehen arreta".
Pertsonentzako zerbitzuak
Aretxabaletako biztanleria hazten joan da 40 urtean, eta Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuak ere bai; eraikina, ostera, txiki geratu da eta hainbat zerbitzu herriko beste lokal batzuetan eman beharrean izan dira. Emaginaren haurdunaldi saioak, esaterako. "Profesionalek ondo lan egin dezaten behar diren bitartekoetan inbertitzea merezi du, zerbitzurik onena eskaintzeko gero herritarrei", dio Marrek, eta, penaz agurtuko badu ere eraikin zaharra, berria ikusteko "gogotsu" dago.
Iazko uztailean deitu zuen proiektua idazteko lehiaketa Jaurlaritzak eta han zehaztu zituen eraikinaren ezaugarriak: 1.700 metro koadro lau solairutan banatuta, horietatik 1.250 metro koadro erabilgarri honako hauek hartzeko: medikuntza orokorreko bost kontsulta, beste horrenbeste erizain gela eta pediatraren kontsulta; odola ateratzeko, sendaketak egiteko eta beste proba batzuetarako gunea, baita larrialdietakoa ere; eta ginekologia gunea. Teilatupean, ostera, Udaleko Gizarte Zerbitzuei egingo diete lekua.
Pertsonei bideratutako zerbitzu guztiak eraikin berrian egongo direla aurreratu dute, arreta integrala emateko.
Proiektua, baina, ez da eraikin berrira mugatzen, Gizartegintzako zinegotzi Karmele Uribarrik dioen legez: "Pertsonei bideratutako zerbitzu guztiak eraikin berean egongo dira eta arreta integrala ematea da helburua; proiektu aitzindaria izango da". Dagoeneko hasita daude elkarlan hori lantzen Debagoieneko ESIko langileekin: "Ez da samurra izango. Zerbitzu bat Jaurlaritzarena da, bestea Udalarena, eta hor trabak sortuko dira, baina kontu txikietatik abiatuta lortuko dugu. Eta izan daiteke eredu beste zentro soziosanitario batzuetarako". Elkarlanean jarduteko hiru multzo zehaztu dituzte: mendekotasun egoeran daudenak, pertsona zaurgarriak eta kanpaina komunitarioak –substantzien kontsumoa prebenitzeko…–.
Eraikin berriaren irekiera datarik ez dute aurreratu gura izan, baina ordurako elkarlan protokolo bat zehaztuta izan gurako lukete, lanari buru-belarri ekiteko.