Argi eta garbi azaldu du Agurtzane Elkorok, Aretxabaleta kirol elkarteko presidenteak, oso urte txarra pasa dutela alderdi guztietan: "Kirolariak, lehiaketak, instalazioak eta elkarbizitza, denak irten dira galtzen". Ikasturte hasieran pronostikoetan behar baino baikorragoak izan zirela onartu du, baina gero, abendura arte "lelotuta" egon zirela: "Entrenatzen aritu arren, non geunden jakin gabe". Urtarrilean, berriz, zenbait lehiaketa berraktibatu zirenez, jokalariei "morala igo" zitzaiela dakar gogora, hori funtsezkoa izanik datorren denboraldirako ilusioa berreskuratzeko.
Aurtengotik ikasita, zuzendaritzak ere ilusioz begiratzen dio datorrenari, bai epe motzera, eta baita epe luzera begira. Gizonezkoen futbol talde nagusia "aretxabaletarrez, harrobiko jokalariz, beteta" egoteak piztu die irrika hori, entrenatzailea bera, Unai Calzon, etxekoa izango dela ahaztu gabe. Hausnarketa serioagoa egin dute, ostera, arreta datozen urteetan jartze-rakoan. Hala, fokua 2030ean jarri eta UDA Komunitatea izeneko proiektua landuko dute aurrerantzean: "Pandemiak kluba estutasunean egon dela erakutsi digu, eta badirudi orain arte iraun duen modeloa desagertze bidean egon daitekeela; kirola egitean, ezeren gainetik pertsonak hezten gabiltzala ain-tzat hartuta, izaera transbertsalagoa eman nahi diogu kirol elkarteari".
GERO ETA JOKALARI GEHIAGO DAUZKA UDA-K: "HORREK BORONDATEZKO-LAN HANDIA DAKAR"
Lehen aldaketak, zuzendaritzan
Presidente karguan aritu da orain arte Elkoro, baina hemendik aurrera beste hiru bidelagun edukiko ditu alboan: zuzendaritza batzordeko kide izan diren Julen Ezeiza, Iñaki Ibarrondo eta Eñaut Kortabarria.
Erabaki hori hartzeko, kontuan hartu dute "gero eta pertsona gehiago" dagoela UDAn, izan jokalari, entrenatzaile zein hezitzaile, eta, horrez gain, "gero eta profesionalizatuago dago urtez urte". Guztira, 600 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute eskupilota, gimnasia erritmikoa, karatea, areto futbola eta futbola praktikatzen, baita txirrindularitzarekin eta mendiarekin lotutako ekitaldiak antolatzen ere.
Bestalde, "diru iturriei asko begiratu behar zaiela eta dirua lortzeko imajinazio asko behar dela" ere aipatu du Elkorok aldaketaren arrazoien artean, eta entitateak "300.000 euro inguruko aurrekontua" duela zehaztu.
Urte normalaren esperoan
Diru kontuez galdetuta, "doikuntzak" egin behar direla azpimarratu du Elkorok: "Guk gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu ikusleak kirol ekitaldietara etortzeko, baina orain-dik ez dakigu ehuneko ehunean hori posible izango ote den". Izan ere, "bazkideak jokalariengandik gertu egoteak" markatuko du klubaren ibilbide ekonomikoa. Hala izanez gero, bazkide zein kirolariei ohiko kuota pasatzea aurreikusten dute, aurten bazkideei kuotaren erdia eta jokalariei %80 pasa ostean.
Kirola, "behar-beharrezko"
Iparrorratza zein izan behar den badakite UDAkoek, pandemiak erakutsi baitie hartu beharreko norabidea. Gertaerak aurreratu gabe, egunez egunekoa bizi nahi dute, garrantzitsuena zer den gogoan izanik: "Neska-mutil, nerabe zein helduek kirola praktikatzea, osasun fisikorako eta buruko osasunerako derrigorrezkoa baita hori".