Ostalaritzari laguntzeko beste programa bat jarri du abian Aretxabaletako Udalak. Terrazak pandemiaren aurkako prebentzio neurrietara egokitzeko herriko ostalariek egin behar izan dituzten gastuak arintzeko izango da. Inbertsioaren %30era arte finantzatuko da, eta gehienez 3.000 euro emango dizkiote negozio bakoitzari.
Udalak 90.000 euroko partida bideratu du zuzeneko dirulaguntza programa horretarako, eta hori 2021eko aurrekontuetan dago jasota. Eskaerak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta urriaren 29an bukatuko da.
Egindako inbertsioak laguntzea
Laguntza horiek bideratu dizkiete herriko ostalaritza jarduerei, eta baita, sektore horretakoak izan gabe, terraza zerbitzua dutenei ere. Pandemiaren ondorioz egindako inbertsioak laguntzea du helburu, 2020ko martxoaren 14tik 2021eko urriaren 29ra bitartean egindako erosketak edo moldaketak finanatzatzea, hain zuzen ere; horien artean daude toldoak, eguzkitakoak, haimak, berogailuak eta bestelako altzariak.
Beste laguntza batzuk
Pandemiak ostalaritza sektorea "astindu" du. Eta Udalak hainbat neurri hartu gura izan ditu osasun krisiak taberna eta jatetxeetan izan duen eragin ekonomikoa murrizteko. Ildo horretatik, jarduerari eta enpleguari eusteko dirulaguntzak eman zituzten: 2020ko bi hiruhilekoren baliokidea zen zaborraren tasa ez zitzaien kobratu, eta terrazen tasa kendu egin zen iaz, baita 2021ean ere. Gainera, bide publikoan terrazak jarri ahal izateko lehenengo udal ordenantza onartu zuten.
Ostalariak zain
Terrazen erabilera "erregulatu beharra" zegoelako egin zutela ordenantza adierazi du Unai Elkoro alkateak: "Ostalariek inbertsioak egiterakoan berme bat izan dezaten ere bai". Dena den, kontua asko aldatu dela azken asteotan uste du eta egoeraren bilakaeraren zain daudela ostalariak: "Orain arte terrazek garrantzi handia izan dute, baina hemendik aurrera ikusi egin behar. Izan ere, terrazetan fundamentuzko zerbait jartzeak inbertsio potoloa eskatzen du eta ondo pentsatu beharra dago".
Ostalariren batek edo bestek proiektutxoren bat buruan izan duela adierazi du, baina aurrekontuari begiratu barik: "Badakit baten bat interesatuta dagoela, baina oraindik eskaerarik ez dugu jaso".