Adiran Jurado: "Bizikleta elektrikoen kontrakoa nintzen ni ere"

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 2a, 18:00

BH Team taldeko enbaxadore aretxabaletarrak Espainiako Openerako puntuagarria den Puropirineo enduro lasterketa irabazi zuen domekan, e-bike modalitatean. Hala, urrian Pirineotan etapaka egingo duten Transnomad lasterketa du begiz jota. 

Ohiko bizikletarekin beharrean, Aretxabaletako pilotuak (1997) bizikleta elektriko batekin –BH Xtep– hartu zuen esku domekan Puropirineo proban, Castejon de Sos-en (Huesca). Eta maila berrian egin duen debutean, podiumeko lehen koskara igo da.

Garaipena debutean, ez da marka makala...

Bai; oso gustura geratu nintzen. Lehenengo jaitsieran 30 segundoko aldea atera nion atzetik zetorrenari. Hori alde handia da. Eta, ondoren, abantaila hori kudeatzen ibili nintzen, askorik arriskatu barik. Garaipena positiboa izan da, baina baita ikustea ohiko bizikletekin zebiltzanak ez zirela askoz ere azkarragoak. Test oso ona izan da.

Izan ere, markak hor dabiltza inbertsioa egiten, elektrikoetan.

Bizikleta elektrikoak dira BH etxearen indarguneetako bat. Eta helburuetako bat bazen modelo hau muturrera eramatea, lasterketa bateko baldintzetan probatzea.

E-bike batekin errazago igotzen dira aldapak, baina jaitsieretan pisutsuagoak dira...

Bai; enduroko proba batean e-bike batekin azkar joateko, fisikoki indartsu egon behar da, gerritik gora, bereziki. Izan ere, bizikleta pisutsuagoak dira. Bestalde, jaitsieretan, tarteka, aldapa gora laburrak jartzen dizkigute, eta hor, elektrikoak 25 kilometro ordura mugatuta daude eta bizikleta normalekin esprint bat azkarrago egiten da. Hor ere denbora galtzen da. Noski, tramu batetik besterako tarteak e-bike batekin askoz hobeto egiten dira.

Bizikleta elektrikoen iraultza nabarmena da, saldu ere horiek egiten dituzte gehien. Baina lasterketetan zelan hartu ditu jendeak?

Egia esan, ni neu hasieran ere bizikleta elektrikoen kontrakoa nintzen, ez nien niretako zentzurik ikusten. Baina sekulako aurrerapausoa da. Batetik, fisikoki horren indartsu ez dagoen jendeak bizikletaz goza dezakeelako; edo pertsona nagusiek, esaterako. Baina ez hori bakarrik: bizikleta honen filosofia da jaitsierak gustatuz gero, goiz batean bizikleta normal batekin baino gehiago goza daitekeela; izan ere, aldapa gora ez da horrenbesteko esfortzurik egin behar izango eta goiz batean jaitsiera gehiago egin ahal izango dira. Eta, bestalde, bizikleta elektrikoarekin 200 taupadatara jarri dut bihotza; nahi izanez gero, ariketa fisikoa berdin-berdin egin daiteke.

Adiran Jurado, podiumeko lehenengo koskan.

Espainiako Openeko lehenengo hitzordua izan da Castejon de Sosekoa. Egutegi osoa egiteko asmoa duzu?

Ikusiko dugu; izan ere, urteko helburu nagusia Transnomad proba bizikleta elektrikoarekin egitea da –urriaren 5etik 10era– Astebeteko proba gogorra da, han bideak ez daude prestatuta, 2.000 metrotik gora ibiliko gara eta mendiko bidexka teknikoak izango dira nagusi. Hau da, tarte batzuk oinez egin beharko ditugu, eta bizikleta elektrikoarekin egitea erronka izango da. Bada, lokatza badago, gusturago ibiliko gara! Kar, kar, kar.

Noiz da Openeko hurrengo proba?

Irailaren 4ko eta 5eko asteburuan izango da hurrengoa, eta test egokia izan daiteke Transnomaderako. Okerrena da Openeko hirugarrena urriaren 3an dela, Galizian, eta pare bat egun baino ez nituzke izango atseden hartu eta Pirinioetara joateko, urriaren 5ean hasiko da-eta Transnomad. Horregatik, sailkapenaren arabera joango naiz erabakitzen Openean zer egin.

E-bikearekin egiten dituzuen lasterketak baliagarriak izango dira bizikletak garatzen joateko...

Bai; bereziki, bizikleta elektrikoetan oraindik aurrerapauso handiak egin daitezkeelako. Motor txikiagoak erabili, bizikleten geometriak eta baterien iraupenak hobetu... BHn, esaterako, iazko modelotik aurtengora bizikleta asko hobetu dute. Aurrerapauso handiak etorriko dira urte gutxian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak