Prebentzioaren bidean jarraitzeko apustua

Mirari Altube Arrese 2021ko eka. 25a, 09:17

UDAko jokalari gaztetxoen entrenamendu saio bat futbol zelai txikian.

EKKO izeneko prebentzio proiektua prestatu dute hainbat eragilek elkarlanean, eta eskola, kirola, komunitatea eta osasuna batzen ditu; 2010 eta 2011 urte artean jaiotakoekin landuko dute eta horien gurasoekin bilera egingo dute martitzenean, hilaren 29an.

Nerabeen substantzien kontsumoaren kezka mahai gainean jarri zuten UDAk eta San Juan de Dios ospitaleak orain dela hiru urte pasatxo, eta ondoren, ikastetxeak eta Udala ere batu ziren lantalde horretara. Ordutik hona lan asko egin dute eta datorren ikasturtetik aurrera beste prebentzio proiektu bat jarriko dute abian: EKKO.

Hainbat eragileren artean prestatu dute proiektu berria eta gizarte trebetasunak lantzea du helburu; hau da, haurrek nerabe direnean erabaki zuzenak har ditzaten irakastea. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako haurrei –2010. eta 2011. urteetan jaiotakoei– eta euren gurasoei bideratuta dago. Eta asmoa da UDAn, LEKen, Eskoriatza Kirol Elkartean eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako ludoteketan eskaintzea, 2022ko urtarriletik aurrera. "Martxan jarri aurretik, gurasoei aurkeztu nahi diegu, haien prestutasuna eta erantzuna jasotzeko", adierazi dute antolatzaileek. Horretarako, bilera egingo dute datorren martitzenean, hilaren 29an, komentuan (18:00); izena aurretik eman behar da, Gazteria Zerbitzuan: 943 71 18 62 eta gazteria@aretxabaleta.eus.

Familiak dira lanaren ardatz

Prebentzio-lana nerabezaroaren aurretik egin beharrekoa dela ondorioztatu dute orain arte lanean jardun dutenek: "DBHra iristen direnerako hainbat erabaki hartuak dituztelako". Hala, haurren eta nerabeen ongizatea hobetuko duen programa garatu gura dute, eskola, komunitatea, kirola eta osasuna batuta. Landuko dituzten alderdiak dira, besteak beste: autoestimua, komunikazioa, erabakiak hartzea, gatazken kudeaketa eta elkarreragin pertsonala.

Familiak izango dira lanaren ardatz; horregatik, haurrek trebetasun-sozialak landu behar dituztenean, bertan egoteko eskatuko diete gurasoei, eta zenbait ekintza partekatu egingo dituzte. Horrez gain, gurasoei bideratutako saioak ere izango dira, umeen bidelagun izan daitezen. Kirol elkartetan ez ezik ludoteka bidez ere egingo dute lan; kirola egitera animatuko dituzte, eta kirol jarduera ez konpetitiboak sustatu.

Bi urteko prozesua amaitzean neurtuko dute emaitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak