Ekintzei berrekiteko "gogotsu" agertu dira Basotxoko kideak

Mirari Altube Arrese 2021ko eka. 24a, 16:46

Aitor Alberdi presidenteari entzuten bazkideak batzar orokorrean.

Batzar orokorra egin du erretiratuen elkarteak eta iaz hautatutako zuzendaritzako kideak ontzat eman dituzte.

Batzar orokorrik egiterik ez zuen izan 2020an Basotxo erretiratuen elkarteak, eta, urtebete geroago, joan den martitzenean, 2019ko eta 2020ko kontuak ontzat eman zituzten eta aurrera begira jarri ziren. Elkarteak 919 bazkide zituen iazko urte bukaeran, eta horietatik 40 inguru elkartu ziren batzarrean.

Zuzendaritza, iaz berrituta

Penatuta agertu ziren zuzendaritzako kideak iaz ekitaldi gutxi batzuk egin ahal izan zituztelako. Aurtengo irailetik aurrera berrekiteko asmoa agertu zuten; besteak beste, honako hauek egin gura dituzte: Kultura Astea; gaztaina-jana eta 90 urtekoak omendu –iazkoak hogei eta aurtengoak hamasei–, kantu taldea eta dantza taldea elkartzen hasi; eta tailerrak eta bidaiak abian jarri. "Gero eta txerto gehiago ematen dabiltza, maskarak kentzen ere hasiko gara, hortaz, irailetik aurrera bestelako agertoki batean egongo garela uste dugu, eta aurkeztutako kontuekin aurrera egiteko itxaropenari eusten diogu", zioen Aitor Alberdi presidenteak. Urteko kuotak, bestetik, ez du igoerarik izango. 

Iaz, zuzendaritza batzordera kide berriak sartu ziren, eta bazkideek onartu egin zituzten aldaketa horiek martitzenean; hona hemen batzordea: Aitor Alberdi presidentea, Luis Mari Unamuno idazkaria, Mari Carmen Corres diruzaina, Migel Elortza, Pedro Etxebarria, Emilio Inda, Nieves Gonzalo, Kontxi Romano eta Ramiro Gomez. Datorren urtera arte jarraituko dute lanean guztiek.

Egoitza berriarekin "kezkatuta"

Basotxok egoitza berria izango du komentuan, eta planoak ikusgai jartzeko eskaera egin zuten bazkide batzuek; izan ere, komunikabideen bidez ezagututakoarekin ez ziren konforme agertu zenbait. Komentuko lanak egin bitartean Zainduzen izango dutela egoitza seguru asko, aipatu zuen presidenteak, eta horrek ere zalantzak eragin zizkien hainbati. Presidentea gertu agertu zen kezka guztiak alkateari azaltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak