Izenagatik borrokatxoren bat edo beste, erregelarekin egitetik digitalera pasatzea edota paperaren gainbehera gainditu behar izan dituzte Aretxabaletako Eguzkigraf inprimategian. Hala ere, bertako bazkideek gustuko dute lana, "batez ere lan mota ezberdinak egiteko duen aukera".
Eguzkiari erreferentzia hasieratik; zergatik izen hori?
Ba ez dugu hasieratik izen hori izan; 1979an sortu genuen kooperatiba, baina Euskalgraf izenarekin. Urte batzuk geroago, Donostiako enpresa batek berea zela izen hori erreklamatu zuen eta hari eman ziotenez arrazoia, izen berria jartzea erabaki genuen logoa mantenduta.
Izenean eguzkia, baina diseinuetan mendia eta natura. Zaletua zara?
Mendirako zaletasuna dago gure inguruan, eta ni neu ere oso zalea naiz, bai. Hortaz, mendi ingurukoak izaten dira argazki gehienak, batzuk nik ateratakoak mendira joaten naizenean.
Zaletasun bera partekatzen dutenentzat...zer gomendatuko zenuke? Planen bat...
Mendian, txabola batean, asteburua pasatzea; konpainia onean bada askoz hobeto.
Herrian bertan zein duzu txokorik kuttunena? Aretxabaletatik kanpo?
Zalantza barik Kurtzebarri, astean bitan edo hirutan joateko ohitura dut. Herritik kanpo, Nafarroan dugu gure txokoa, Mendigorrian.
Inprimategira itzulita...Zer da lan honek duen onena? eta okerrena?
Onena izan daiteke lan mota ezberdinak egiteko eskaintzen duen aukera, eta okerrena, presa; azkar egin beharrak beti duelako arriskua. Lehen diseinua eta sormena lantzen ziren; orain hori deiseinu-agentzien eskuetan geratu da.
Txineraz, ingelesez,...denetik inprimatu duzue Aretxabaletatik.
Bai, bai...Lehen Fagorren etxe-tresnendako argibide liburuxka horiek guztiak hemen egiten genituen...Imajinatu zenbat etxe-tresna ezberdin, eta zenbat hizkuntza egin behar izaten ziren. Orain argibideak ere saretik kontsultatu behar.
Digitalizazioak dena aldatu du. Nahiago metodo zaharra?
Lehen eskuz egiten ziren kontu asko pantaila baten gainean, rotringa eta erregela erabilita. Orain, ordenagailuarekin egiten da guztia.
Zerbitzu edota erosketak egiterakoan; internet bidez, Aretxabaletan bertan ala kanpoan?
Ahal den guztia herrian bertan edo inguruan erostearen aldekoa naiz, horretan ahalegintzen naiz.
Erabiltzen duzu Goiena 0km gida?
Goiena aplikazioaren bitartez sartzen naiz, erosoagoa da, abantailak aprobetxatuz.