Herrien arteko elkarlana erakusketan jasoko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 14a, 10:02
Mban herriko erditze eta kontsulta gelen eraikina. (Argazkia: Yaakar elkartea)

Aretxabaletako Yaakar elkarteak Senegalgo Mban herrian egiten diharduen proiektuaren berri emateko erakusketa zabalduko du ekainaren 15ean, Udaletxe zaharrean. Udalaren dirulaguntzarekin osasun zerbitzuetarako eraikin bat egin dute.

Aretxabaletako Yaakar elkarteak lankidetza proiektu bat du martxan Senegalgo Mban herrian. Hango osasun zentroan erditze eta kontsulta gelak izango diren eraikina egin nahi dute. Erditze eta kontsulta gela horiek emergentziazko lehen sorospen zerbitzua eskainiko diete herriko emakumeei.

Proiektuak hiru fase izango ditu, eta dagoeneko egin dute lehenengoa: Aretxabaletako Udalak emandako 2.553 eurorekin eraikinaren zimenduak altxatu dituzte. Orain, asmoa da bigarren fasea egitea.

Bigarrena fasean, sabaia

Bigarren fasean, eraikinaren sabaia egin nahi dute, eta horretarako Aretxabaletako Udalean dirulaguntza eskatu dute. Bigarren faserako aurrekontua 2.997,64 eurokoa da. Yaakar elkartearen asmoa da Mban herrian egiten dabiltzan lanen berri ematea aretxabaletarrei. Horretarako, proiektuaren inguruko erakusketa zabalduko dute udaletxe zaharrean ekainaren 15ean. Ekainaren 25era bitartean egongo da ikusgai. Ordutegia izango da: astelehenetan eta egubakoitzetan, 12:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; martitzenetan eta eguenetan, 18:00etatik 20:00etara; eta eguaztenetan, 12:00etatik 13:00etara.

Hirugarren fasean, instalazio elektrikoa, arotz-lanak, iturgintza eta aire girotuaren instalazioa egingo dituzte.

Elkarlana

Proiektua elkarlanean egiten ari dira Yaabar elkartea eta Mban herriko zenbait erakunde; besteak beste, Senegalgo Mbam Udalerriko Udala, Mbam udalerriko Osasun Batzordea, Mbam Osasun Zentroko erizain arduraduna eta Osasun Zentroko emagina. Mbam herriaren eremua zazpi herrixkek eta hiru auzok osatzen dute eta 15.000 biztanle inguru ditu. Hango herritarrek "benetako zailtasunak" bizi dituzte osasun arreta jasotzeko, Yaabar elkartearen esanetan. Haurdun dauden emakumeek 3 eta 12 kilometro artean egin behar izaten dituzte Foundiougnera iristeko, eta osasun arreta jasotzeko. Horrez gain, eskualdean duten garraio falta dela eta, behar gehien dituzten emakumeek batzuetan osasun laguntza bilatzeari uko egiten diote.

Mbam Senegal hego-ekialdean dago, Fatick eskualdean eta Foundiougne departamenduan. Udalerriak 124 kilometro karratuko azalera du.

Emakumeak eta erditzea

Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, egunero 1.500 emakume baino gehiago hiltzen dira haurdunaldiari edo erditzeari loturiko arazoengatik. "Mban herriak ez du azpiegitura egokirik haurren eta jaioberrien osasuna bermatzeko", azaldu dute Yaakar elkartekoek. Hain zuzen, testuinguru horretan kokatu behar da Aretxabaletako elkartea Mban herrian egiten dabilen proiektua.

2019an sortutako elkartea

Aretxabaletako Yaakar Elkarteak 2019an eman zuen izena Eusko Jaurlaritzako erregistroan. Senegaldik etorritako familia batek eta hainbat herritarrek sortutako elkartea da. Garapenerako kooperazio eremuan lan egitea da duten helburu nagusia.

Giza talde babesgabe eta ahulen eskubide sozialen eta zibilen garapen osoa sustatzeko sortutako elkartea da. Proiektuak aurrera eramateko ezinbesteko ikusten dute tokiko erakunde edo eragileekin batera elkarlanean jardutea. Proiektuak aurrera eramateaz gain, ezinbesteko ikusten dute Aretxabaletarrei euren proiektuen berri ematea; horretarako egingo dute erakusketa, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak