Bandaren doinuei eusteko lanean segitzen dute musika eskolan

Mirari Altube Arrese 2021ko eka. 11a, 14:05
Leizarra musika eskolako banda, Jon Lopez zuzendari lanetan.

Leizarra musika eskolako bandak kontzertua eskainiko du gaur, egubakoitza, komentuko lorategian, pandemia sasoian egingo duen lehenengoa. Jon Lopezek zuzentzen duen banda Aretxabaletak 1950eko hamarkadatik hona izan duen hirugarrena da.

Pandemia hasi zenetik ikus-entzuleen aurrean lehenengoz eskainiko du kontzertua Leizarra musika eskolako bandak, eta musikariak "gogotsu" daude horretarako. Komentuko lorategian izango da (19:00) eta ehun bat lagunendako eserlekuak jarriko dituzte.

tu du hainbat filmetako soinu bandetako kantuak eskainiko dituztela: "Betiko doinuak hautatu beharrean beste batzuk ikastea proposatu nien ikasleei; batzuk eurek aukeratu dituzte eta beste batzuk neuk; kantu klasikoak, adibidez. Eta sorpresatxoren bat ere egongo da". Itzulerarekin pozik daudela gaineratu du: "Lanean ibili gara, entseguak grabatu egin ditugu eta sare sozialetan zabaldu, esaterako. Baina urte eta erdi pasatu da publiko aurrean azkenekoz izan ginenetik, eta badugu gogoa".

Eskolako bandak 2009an hasi zuen ibilbidea. Jon Lopez irakasleak hartu zuen haren gidaritza, eta, hasiera baten, 10 eta 14 urteko ikasleen topagune izan bazen ere, taldea hazi egin da azken urteotan. Banda hori, baina, ez da ezerezetik sortu; aitzindari bi izan ditu, banda doinuek orain baino estimu handiagoa zutenean zeresan handia eman zutenak biak ala biak.

Demetrio Iriarte sortzaile

Aretxabaletarren musikarako zaletasuna ez da gaurkoa eta banda ere ez. Demetrio Iriarte Mujika (Oñati, 1921-Aretxabaleta, 1997) txistulari eta konpositore handia izan zen Aretxabaletako lehenengo bandaren sortzailea. 1951ko azaroan, Santa Zezilia egunez, egin zuen lehenengo kalejira.

Ricardo Garro saxofoi-jolea geroago sartu zen banda hartan, 12 urte zituela, eta beste bederatzi bat lagun ere hasi ziren harekin. Guztira, hogei musikari inguruk osatzen zuten. "Esaten zen furgonetan egiten zituela kalejirak hasierako urteetan, musikariek ez zekitelako ibilian instrumentuak jotzen. Baina ez dakit egia den; guk, behintzat, oinez egiten genituen".

Bandaren ardura zen dantzatzeko musika jartzea domeka arratsaldeetan, Herriko Plazan: "Dantzaldietan 19:00etatik 21:00etara egoten ginen, hiru txandatan banatuta. Eta kontzertuak ematen genituen. Inguruko herrietara ere joaten ginen, batez ere, Oñatiko jaietara, Iriarte zuzendaria bertakoa zelako".

Udal banda izanik, hark finantzatzen zuen: "Mutikook ez genuen diru askorik jasotzen, beteranoek, seguru asko, gehiago. Eta instrumentuak Udalarenak ziren". Hala, garestia zela banda mantentzea erabaki zuen Udalak, eta desagertu egin zen, 1966. urtearen bueltan. Bandaren desagerpenaren ostean, Calypso jazbana sortu zuten han jardundako hainbat musikarik. Talde hartako kide izan zen Angel Barandiaran – handik urte batzuetara, bigarren bandaren zuzendari izango zena eta urte askoan Aretxabaleta Abesbatzako zuzendari dena–; biraderadun organoa jotzen zuen hark.

"Bandaren lekukoa hartu genuen eta Herriko Plaza girotzen genuen guk ere herritarrek dantzan egin zezaten", dio Barandiaranek, eta gaineratu du: "Gogoan dut Orly dantzalekua zabaldu zenean bertan jo genuela guk. Iluntzera arte plaza girotzen genuen, eta gero, afaloste inguruan Orlyn jarraitu. Musika zuzenean izaten zen orduan dantzalekuan".

Demetrio Iriarte zuzendaria eta bandako musikariak –eskuinean, bigarren mutikoa, Ricardo Garro–. Argazkia: Aretxabaletako Argazki Artxiboa.

Omenaldia 1992an

Bigarren banda 90eko hamarkadan sortu zuten. Lehenik, musika eskola jarri zen abian, 1991ko irailean; eta gero, banda. Angel Barandiaran izan zen zuzendaria.

1992ko azaroaren 29an banda omendu gura izan zuen Udalak. Eskerrak eman zizkien lehenengo bandako kide izan ziren musikariei eta Demetrio Iriartek herriko intsignia jaso zuen. Kalejira egin zuten egun hartan eta eguerdi partean kontzertua eskaini Durana kalean; sasoi bateko kanta ezagunak jo zituzten. "Kontzertu hartako une batean Demetriori eskaini nion batuta, eta hark zuzendu zuen doinuren bat edo beste", gogoratu du Barandiaranek.

Lehen bandako musikariak eta Demetrio Iriarte omendu zituen Udalak 1992ko azaroan

Bandaren berragerpena pozik hartu zuten herritarrek, eta jarrai zezala eskatu zietenak asko izan ziren: "Banda berreskuratzea pentsatu genuen sasoi hartan. Eta horretarako, Azpeitiko bandaren laguntza jaso genuen, besteak beste".

Musika eskolak egindako lanari esker, 1994rako talde polita osatu zuten. 26 kide batu ziren bigarren banda hartan; ia erdiak ziren Aretxabaletako musikariak; gainerakoak, Azpeitikoak, Arrasatekoak eta Eskoriatzakoak. Ez zuen urte askoan iraun, baina eskainitako emanaldiak asko izan ziren: "Otala Zelai egunean izan ginen behin. Kalejirak aldiro egiten genituen, eta kontzertuak eskaini ere bai". Jose Ramon Quintanilla izan zuen lagun Barandiaranek bandaren antolaketa kontuetan, eta munizipala izan zedin lan egin zuten. Proiektua, baina, bertan behera geratu zen, eta taldearen ibilbidea ere bai: "Pena izan zen, baina babesik gabe ezin zuela aurrera egin argi geneukan".

Angel Barandiaran bandarekin kalejiran, 1992an. Argazkia: Aretxabaletako Argazki Artxiboa.

Babes beharra

Barandiaranek onartu du sasoi bateko osperik, beharbada, ez dutela gaur egun herrietako bandek: "Lehen, udal bandak zeuden Arrasaten, Oñatin, Eskoriatzan… Bergarakoa, esaterako, sekulakoa zen. Eta orain, behera egin dute leku gehienetan". Horiek aurrera egin dezaten babesa behar dutela gaineratu du: "Ez dakit herri batek banda bat izan behar duen edo ez, baina izan behar badu sostengua behar du. Bitartean, gaur egungoak Leizarra musika eskolako instrumentu ikasleei musikari lez hazten eta hezten joateko aukera eskaintzen die".

Bandetako kontuak gogoan

Ricardo Garro (lehen bandako saxofoi-jolea):

"Errioxarrak umoretsuak ziren eta giro ona zegoen"

"Don Pedro abadearekin abesbatzan hasi nintzen 9 urte nituela, eta, oinarrizko solfeoa banekienez, 12 urterekin bandan sartu nintzen. Aparteko giroa zegoela dut gogoan. Musikarien artean hainbat errioxar zeuden, gutxienez lau, eta sekulako umorea zuten; txiste mordoa kontatzen zituzten. Entseguak astean behin, behintzat, egiten genituen eta urtebetetze egunetan olibak eta ardo-garrafoia eroaten zituzten ospatzeko; mutikooi, baina, olibak bakarrik ematen zizkiguten".

Angel Barandiaran (bigarren bandako zuzendaria):

"Gure proiektuak ez zuen aurrera egiterik izan"

"90eko hamarkadan banda berreskuratu gura izan genuen, eta Azpeitiko bandaren laguntza jaso ere bai horretarako. Herriko banda izan zedin lanean hasi ginen hainbat lagun; nire proposamena izan zen, adibidez, zuzendaria hautatzeko lehiaketa deia egitea. Baina proiektuak, azkenean, ez zuen aurrera egin. Babesik jaso ez genuenez, hoztu egin ginen lanean hasita geundenok eta bertan behera utzi genuen. Ordurako, gainera, Aretxabaleta Abesbatzarekin nenbilen buru-belarri ni".

Jon Lopez (Leizarra musika eskolako bandako zuzendaria):

"Zaila izaten da gazteei bandan eustea"

"Hamar urtetik gora daramatzat musika eskolako banda zuzentzen; musikari gutxi batzuekin hasi nintzen eta orain 25 inguru gara. Gaztetxoak dira gehienak, baina heldu batzuk ere badaude. Zaila izaten da gazteei eustea, 18 urtera iritsitakoan beste ibilbide bat hasten dutelako, baina, baten batek jarraitzea erabakiz gero, ni oso pozik; gainera, hori eredu izan daiteke beste batzuendako. Musika, eta kasu honetan banda, ez da bakarrik ikastea, dibertitzea ere bada, eta jendea ezagutzeko gunea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak