Emantzipaziorako laguntzak aztertuko ditu Udalak gazteekin

Mirari Altube Arrese 2021ko eka. 10a, 17:51
Bi gazte Durana kalean.

Proposamena aurkezteko eta gazteek dituzten beharrak jasotzeko bilera deitu du. Ekainaren 17an izango da, Arkupen, eta izena aurretik eman behar da, hemen.

Gazteei etxebizitzen alokairua errazteko laguntza programa bat jarri gura du abian Udalak. Diseinu fasean dago, eta informazioa eskuratzen dihardute orain. Horretarako, beste herri batzuetan dituzten laguntza-lerroak kontsultatu dituzte, baina Aretxabaletako errealitatea ere ezagutu gura dute.

Gazteen beharrak jasotzeko –ahal den neurrian deialdiaren oinarrietan txertatzeko–, bilera egingo dute haiekin; ekainaren 17an, eguenean, izango da (18:30), Arkupen, eta izena aurrez eman beharra dago –hemen edo udalaren webgunean sartuta–. Bertan aztertuko dituzte, besteak beste, alokairuaren gehieneko prezioa eta laguntzaren zenbatekoa.

Urtebetetik gorako alokairuak

Xabi Otxoa zinegotziak laguntza programa horren arrazoia azaldu du: "Etxebizitza eskuratzea da gazteek emantzipatzeko orduan duten oztoporik garrantzitsuenetako bat, eta, horregatik, Udalak, udal-eskumenen esparruan, programa bat bultzatu nahi du gurasoen etxea uzten duten gazteei laguntzeko". Hala, 18 eta 35 urte artekoak emantzipatzen laguntzea eta etxebizitzen alokairua bultzatzea izango dira dirulaguntza horien helburuak.

Laguntza horiek banaka edo bizikidetza-unitate gisa eskatu ahal izango dituzte gazteek. Hasiera batean, alokairu kontratuak ezin izango du hamabi hilabete baino gutxiagoko iraupenik izan. Urteko diru-sarrera gordinak 28.000 eurotik gorakoak ez izatea planteatzen da pertsona bakar batentzat, eta 44.000 eurotik gorakoak bizikidetza-unitatearentzat. Laguntzen deialdia datorren urtean jarriko da abian.

2019an %36 emantzipatuta, EAEn

Udaletik datu batzuk ere eman gura izan dituzte. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako ikerketa baten arabera, 2019an 18 eta 34 urte bitarteko Euskal Herriko biztanleriaren %36 emantzipatuta zegoen. Europar Batasunarekin alderatuz gero, non gazteen emantzipazioaren batez besteko adina 25,9 urtekoa den, EAEn 30 urtera arte atzeratzen da (30,1 2015ean; 30,4 2017an; eta 30,2 2019an). Udalak ez du uste Aretxabaletako errealitatea EAEeko egoera orokor horretatik oso urrun dagoenik, datu zehatzak izan ez arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak