Irrintziaren bueltako Erraiak ikus-entzunezkoaren zuzendari Ekain Martinez de Lizarduyk Irrintzilarien Sarea osatzeko egitasmoa jarri du abian. Oraingoz, zerrenda bat egin gura du eta gero elkargune bat osatu izena emandakoekin.
Zerrenda osatzen
"Erraiak grabatzerakoan irrintzilari askorekin izan nuen hartu-emana eta hainbatek zera esan zidaten: irrintzilariok ez dugu elkargune bat; bertsolariak edo trikitilariak saretuta daude baina guk ez dakigu alboko herrian irrintzilaririk baden ere… Eta horri bueltaka nenbilen aspalditxoan", azaldu du Martinez de Lizarduyk.
Sare sozialen bitartez zabaldu duen galdetegia erantzuten dutenekin zerrenda bat osatu gura du. Izena emateko ez dagoela izan beharrik irrintzia botatzen profesionala gaineratu du: "Edonork du lekua: irrintzilari iaioek, hasiberriek, edo ni bezalakoek, autoan bakarrik goazenean saiakeraren bat edo beste egiten dugunok".
Asmoa da irrintzilarien zerrenda bat osatzea, eta gero, elkar ezagutzea
Ekimenak harrera beroa izan du, eta egun gutxian, eguaztenerako hain zuzen ere, 200 lagunek izena emana zuten: "Horrek agerian utzi du gogo bat bazegoela. Eta argi geratu da Euskal Herriko txoko guztietan daudela irrintzilariak; Bruselatik ere erantzun du batek".
Pandemia egoera honek uzten duenean izena emandako guztiak elkartzeko asmoa agertu du: "Guztiok batzea eta elkar ezagutzea izango litzateke helburua, bizipenak konpartitzea, eta zergatik ez, proiektu berriak sortzea".
Erraiak filmak 22 sari
Bi urte pasatxoan ibilbide oparoa izan du Erraiak dokumentalak: 50 bat zinema jaialditan aukeratua izan da eta dagoeneko 22 sari jaso ditu. Arrakasta horren gakoa non egon daitekeen argitu du: "Irrintzia bada hemengoa, baina uste duguna baino unibertsalagoa da era berean; munduaren beste puntan ere uler dezaketen zerbait komunikatzen du. Izan ere, irrintzi ezberdin asko daude munduan barrena. Nire ondorioa da gure doinu hori ezagutu ez arren ulertu egiten duela jendeak". Sariak Europako, Asiako zein Amerikako herrialdeetatik etorri izanak hori erakusten du hain zuzen ere.
Dokumentala hango eta hemengo zinematan aurkezten jarraitzen du Aretxabaletan bizi den zuzendariak, eta zapatu honetan MaÒarian emango du. Horrez gain, Filmin-en ere badago, eta hor ere arrakasta handia izan duela gaineratu du.