Kanporaketa ondo bideratu du UDAk, faboritoa mendean hartuta

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 8a, 20:23

Beti Gazteren aurkako kanporaketa zaila ondo bideratu du UDAk, joaneko partidua 2-0 irabazita. Beroak eta bi taldeen intentsitateak eraginda, partidu gogorra eta luzea izan da Ibarra futbol zelaian jokatu dutena, eta etxekoek merezimendu osoz irabazi dute norgehiagoka, faboritoak lesakarrak ziren arren.

Bi taldeak jakitun ziren partidua eta kanporaketa ondo hastea garrantzitsua izaten dela halakoetan. Hori dela eta, lehenengo minutuak oso nahasiak izan dira, lehiatuak, eta bi ateetan egon dira gol aukerak. Dena den, partiduak aurrera egin ahala, aretxabaletarrak agintzen hasi dira, haien erritmoa ezartzen, eta 30.minutuan markagailuan aurreratzea lortu dute, Jon Ander Burgos Jonan-en golarekin. Hala, bat eta hutsekoarekin iritsi da atsedenaldia.

Bigarren zatian, lesakarrak indartsu atera dira berdinketaren bila eta gola sartzeko aukerak ere izan dituzte. Garbiena, penaltia. Beti Gazteko aurrelariaren eta Iker Arriolabengoa atezainaren arteko jokaldi nahasi batean, aramaioarrak aurrelariari falta egin diola iruditu zaio epaileari, eta etxeko talde teknikoaren haserrea piztu du horrek. Ondorioz, Mikel Larburu entrenatzailea egotzi du epaileak. 72.minutua zen.

Hala ere, lesakarrek kanpora bota dute hamaika metroko jaurtiketa eta horrek are gehiago indartu du etxeko taldea. Gero, gainera, Beti Gazte berriro estutzen hasia zenean, bigarren txartel horia atera dio epaileak Igor Gurrutxaga lesakarrari, 81. minutuan, eta bat gutxiagorekin geratu da kanpoko taldea. Hamar jokalarirekin egon arren, ordea, bultzaka jarraitu du Beti Gaztek eta kontraeraso batean iritsi da aretxabaletarren bigarren gola. Josu Aizpuruak ondo aprobetxatu du Julen Zaitegik emandako pase ezin hobea, 89. minutuan, eta luzapena ia 10 minutukoa izan den arren, markagailuan ez da aldaketarik egon.

Abantaila polita dute, beraz, aretxabaletarrek, baina ez dago ezer erabakita eta Lesakako partiduan duten guztia eman beharko dutela adierazi du Iker Arriolabengoa atezainak. "Markagailuak engainatu egiten du eta lan handia edukiko dugu han. Ondo prestatu beharko dugu partidua eta buruarekin jokatu, hau da, ezin gara atzean sartu markagailuari eustera, baina ezin gara garaipenaren bila zoroen pare joan. Oreka hori bilatu beharko dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak