Abestea eta lagunartean egotea eskutik doaz Aretxabaleta Abesbatzako kideen kasuan, eta, ez bata eta ez bestea ezin dutelako egin penatuta badaude ere, ez dira hasi itzuleran pentsatzen. Horregatik, joan den domekan Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak egindako protesta deialdiarekin ez zuten bat egin aretxabaletarrek.
"Abesbatza profesionalen kexa ulertzen dut kantuan egiteko ezin direlako elkartu, baina ez da gure kasua", azaldu du Mariatxen Urkiak, abesbatzako zuzendarietako batek, eta gaineratu: "Gure taldean hainbat kidek pasatu zuten gaixotasuna konfinamendu hasieran, batzuek okerrago, beste batzuek hobeto, eta hainbatek jakin ere egin gabe; kontua larria izan zen. Gainera, kideen adina goraka doala ikusita, gurago dugu itxoin".
Musika eskolan kantuan
Leizarra musika eskolan kantu eskolak ematen ditu Urkiak eta han lanean jarraitzen du bai umeekin bai helduekin: "Talde txikietan banatuta, distantzia mantenduta eta maskarak jantzita egiten dugu kantuan. Ez da batere erosoa; horregatik, datorren ikasturtean inork jarrai dezan lortzen badut, izugarri poztuko naiz! Benetan tristea eta gogorra da hala lan egitea".
Irailetik aurrera, ikusi egin behar
Jakitun da abesbatzaren geldialdi honek ondorioak izango dituela, batzuek ez dutelako jarraituko. Nahiz eta ezin elkartu, entseguei eutsi nahian online kantatzen hasi ziren: "Baina orduan beste arazo batzuk agertu ziren: teknologia arazoak, bakarrik kantuan egin beharra… Eta amore eman genuen".
2020an 40 urte bete zituen abesbatzak, baina ospakizunak atzeratu beharrean izan ziren, eta ez dute datarik jarri ere egin: "Txertaketek jarraitzen badute eta kutsatzeek behera egin, baliteke irailetik aurrera itzuleran pentsatzen hastea; ikusi egin behar".