Francisca Monge Andres omendua Eibarko adinekoen egoitzan dago eta ezin izan da etorri. Gainerakoak bertan izan dira. Amaia Alberdi Bengoetxeak jaso du batetik, eta haren anaia Imanol ere izan dute gogoan, dagoeneko hilda. Maria Pilar Zubillaga Altube ere igo da oholtzara, baita haren koinata Miren Elorza ere; izan ere, Fernando Zubillaga Altube orain dela egun batzuk hil da.
Eta azkenik, Etxebarrieta Oteiza anai-arrebak jaso dute aitortza: Juanitak, Manolok eta Olga Begoñak. Azken horrek bizi izandakoak partekatu ditu Arkupen elkartutakoekin: "Aita Untzillan zauritu zuten eta Bilbora eraman; han hil zen. Une berean, ama ere Bilbon ospitalean zegoen, orduantxe jaio nintzelako ni, gazteena. Lau seme-alaba txikirekin geratu zen. Hiru nagusiak, Juanita 7 urterekin, Fernando 5ekin eta Manolo bi urte eta erdirekin Belgikara bidali zituzten, eta ni, amarekin, Frantziara joan nintzen. Juanitari bi anaiak zaintzeko ardura eman zion amak, eta zelan zaindu zituen gero!". Hunkituta jarraitu dute pasartea aretoan elkartutakoek.
Hildakoak ere gogoan
Dagoeneko hildako gerrako umeak ere izan dituzte gogoan gaurko ekitaldian; 43 aretxabaletar, hain zuzen ere. Jesus Mari Antxia Galdos da horietako bat haren iloba Mirenek aipamena egin dio hari eta gainerako guztiei.
Ikertzen jarraitzeko asmoa
Foru Aldundiko zuzendari Jon Ganbrak omenaldiak nahi baino beranduago datozela onartu du, "bizipen asko galdu" direlako dagoeneko. Eskerrak eman dizkio Intxorta 1937 Elkarteari egindako lan "mardulagatik" eta beste eskualde batzuetan ere abian jartzeko asmoa agertu du.
Intxorta 1937 Elkarteko kide Julia Mongek eta Jose Ramon Intxauspek lanean jarraitzeko gogoa adierazi dute, informazio mordoa topatzen jarraitzen dutelako. Eta gerrako umeen zerrendak "zabalik" jarraitzen duela jakinarazi dute egunetik egunera gehiagoren berri dutelako.