UD@A proiektuari aurrera egiteko hauspoa eman dio Osasun Sailak

Mirari Altube Arrese 2021ko api. 23a, 15:21

UDAko, San Juan de Dios ospitaleko eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako udal ordezkariak.

Aretxabaleta kirol elkarteak eta San Juan de Dios ospitaleak 2017an abian jarritako egitasmoari aitortza egin dio Jaurlaritzak; elkarteko kirolarien artean substantzien kontsumoa prebenitzea helburu duen proiektuak hazten jarraituko du, gainera.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalen inguruko proiektuak aintzatetsi ditu aurten lehenengoz, Elkar eginez aitortzarekin, eta horien artean dago UD@A proiektua. Mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoaren aurkako "prebentzioekintzagatik" saritu dute, kirola egiten hasten direnak "sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko" egindako lanagatik.

Eskertuta parte izan direnekin

UDAk eta Arrasteko San Juan de Dios ospitaleak 2017an jarri zuten abian UD@A. Eta oso pozik agertu dira aitortzarekin, balioa eman diolako proiektuari eta egindako lana agerian utzi duelako: "Metodologia eta lanaren transbertsalitatea kontuan hartu dituzte. Izan ere, patologia dualak dituztenendako hezkuntza programa izatetik abiatu eta nerabeendako prebentzio programa bilakatu da", azaldu du Emilio Martin, San Juan de Dios ospitaleko medikuak. Horregatik, proiektuaren bueltan jardundako guztiak eskertu gura izan dituzte: ospitaleko lantaldea eta gaixoak; UDAko kide guztiak; Arizmendi ikastola eta Kurtzebarri eskola; eta udalak, besteak beste. "Oso garrantzitsua da horien lana balioan jartzea, emaitza ez litzatekeelako berbera izango", dio Martinek.

Eskoriatzako eta Aretxabaletako udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete sustatzaileei, parte hartzeko aukera izanagatik, eta euren laguntza berretsi diete: "Babesten jarraituko dugu, sinisten dugulako proiektuan", adierazi du Unai Elkoro alkateak.

10 eta 12 urte artekoekin orain

Ohitura osasuntsuak sustatzeko jarri zuten abian proiektua orain dela ia lau urte, UDAko zuzendaritzako kide Adrian Merinok azaldutako lez, eta, pandemiaren erruz geldi egon ondoren, aurrera egin gura dute.

Orain arte egindako lanean, substantzien kontsumoak eragindako ondorioak izan dituzte langai, eta orain, arrazoiei begiratu gura diete. Horretarako, gazteagoekin hasiko dira lanean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetakoekin, hain zuzen ere: "Pentsatzen erakusten badiegu kirolaren bitartez, eta haien artean dituzten harremanak lantzen baditugu, erabaki osasuntsuak hartzeko oinarri sendoak ereingo ditugu", azaldu du Merinok. Mondragon Unibertsitatearekin hasiko dira lan horretan, udazkenetik aurrera.

Mugarri esanguratsu batzuk

Lau urte beteko ditu aurtengo uztailean UD@A proiektuak, eta hainbat mugarri izan ditu horrek. Osasun Sailaren aitortzak horren atzean egindako lan mardula agerian utzi du.

2017

  • Proiektuaren hasiera Kirolarien bizitza osasuntsuaren alde lan egiteko hiru urteko hitzarmena sinatu zuten UDAk eta San Juan de Dios ospitaleak, eta kirolari guztiek, hezitzaileek, gurasoek eta zuzendaritzako kideek parte hartzeko konpromisoa hartu.
  • Gaztetxoekin lanketa San Juan de Dios ospitalera bisitak egiten hasi ziren kirolariak, eta ikastetxeetan ere heldu zioten gaiari.
  • Gurasoekin lanketa Gazteen artean egindako inkestaren berri eman zieten gurasoei, eta hurrengo pausoak iragarri; besteak beste, begiraleak trebatu.

2018

  • Komunitatearekin lanketa Komunitatea sentsibilizatzeko eta kontzientzia hartzeko dei egin zuten, eta herritarrak ere konpromisoak hartzera gonbidatu.
  • Madrilgo unibertsitate batera bisita Rey Juan Carlos unibertsitatean izan ziren UDAko eta San Juan de Dios ospitaleko hainbat ordezkari proiektuaren berri ematen.
  • Egonaldia Arespalditzan Ospitaleko hainbat pazientek eta UDAko lau jokalarik asteburua pasatu zuten elkarrekin Araban.

2019

  • Jardunaldiak Donostian I(nk)lusioa: esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki leloarekin hiru eguneko topaketa antolatu zuten udalen eta hainbat enpresaren laguntzarekin. Adituen hitzaldiak izan ziren helduendako eta hausnarketa saioak gazteendako.
  • Lagunarteko topaketa futbolaren bueltan UDAko jokalarien eta San Juan de Diosko gaixoen arteko futbol partiduak antolatu zituzten, inklusiorako bide.

2020

  • Liburu aurkezpena Egin dezagun jauzi handi bat liburua aurkeztu zuten Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen laguntzarekin. Substantzien kontsumoari aurre egiteko abian jarritako programaren mugarri nagusiak jaso zituzten hor.

Sustatzaileen iritzia

Agurtzane Elkoro: "Handia da gero agente ezberdinek parte hartzea, inork hutsik egin barik"

UDAko presidentea pozik agertu da jasotako aitortzarekin.

Lau urte pasatu dira; honaino iristerik pentsatzen zenuen?

Ez; susmo batetik abiatu ginen, gauzak ondo ez zeuden susmotik, eta, UDA garen aldetik, gure neska-mutilei bizi-kalitate hobea emateko jarri genuen abian.

Zein balorazio egiten duzu?

Oso ona. Batetik, lagundu egin diogulako neska-mutiko mordotxo bati, eta, bestetik, ezkutuan zegoen egoera bat azaleratu egin dugulako, gai delikatua izanik ere.

Ibilbide honetan zerk ase zaitu gehien?

Herriak, UDAko zuzendaritzako kideek, kirolariek, entrenatzaileek, babesleek, komunikabideek, San Juan de Diosek, ikastetxeek eta Realak egindako lanarekiko erakutsitako jarrera. Gauza handia da hainbeste agente ezberdin elkartzea eta guztiok parte hartzea hutsik egin barik.

Arantzatxoren bat geratu zaizu?

Ahal den guztiei laguntzea izan da gure asmoa hasieratik, baina, seguru asko, arazoa duten batzuek ez zuten eskatuko, eta horiengana iritsi ez izana.

Jasotako aitortza akuilua da?

Herri txiki bateko elkarte bati eman diote EAE mailako sari bat, pentsa zer den! Aurrera egiteko izugarrizko indarra da, bai. Pandemiaren erruz geldi egon gara urtebetez, eta burua altxatu eta lanean jarraitu behar dugu, kirola landuz beti, osasunari eskutik helduta.

Emilio Martin: "Gazteagoekin lanean hasita zerbait ezberdina egin gura dugu orain"

Lanean jarraitzeko gogotsu agertu da San Juan de Dios ospitaleko psikologo klinikoak. 

Hasieran aurreikusitakoa izan da lortutakoa?

Bai, bai, hauxe da guk gura genuena, nahiz eta pandemiak geldiarazi egin duen prozesua. Egindakoa ondo dago, baina ikusten ari ginen gure lan egiteko modua aldatu ezean berbera gertatuko zela gazteagoen artean. Orain arte egindakoaren ondorioa hori dela esango nuke, zerbait ezberdina egin behar dugula gazteagoekin hasita. Aurrera egiteko asmoarekin, Mondragon Unibertsitatearekin lana aurreratuta dugu, eta zehaztuta begiraleen trebakuntza zelakoa izango den, gaztetxoekin zelako lana egin behar den eta beste hainbat kontu. Ondo bidean, urrian hasiko gara.

Eta zeintzuk izan dira emaitzak? Uda ostean jasoko dituzue prozesu honek guztiak emandako emaitzak zenbakitan. Aurreratu dezaket 13 eta 14 urtekoen artean substantzien kontsumoa %15-20 artean jaitsi dela; esanguratsua.

Gazteen eta gaixoen arteko lankidetza garrantzitsua da?

Ezinbestekoa. Gazteek guri entzun egiten digute, baina haiei kasu egiten diete. Gurekin lan egindako gazte batzuek gaixoekin harremana mantentzen dutela badakit. Era berean, gaixoendako ere garrantzitsua da, bai; beraien bizipenak gazteentzat baliagarriak direla konturatzen direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak