Ongietorria prestatu dute 'Kutxa bira' iristen denerako

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 23a, 16:24

'Kutxa bira'-ko kutxa.

Ipar Hegoa elkarteak martxan jarritako Bizi gira... kutxa bira! apirilaren 26an iritsiko da Aretxabaletara. Egurrezko kutxa bat izango da egitasmoko protagonista eta herriz herri mugituko da, baita kontinentez aldatu ere. Argentinan hasi eta Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, maiatzaren 30ean amaituko du ibilbidea, Seguran.

Amets Arzallus bertsolariak idatzitako mezua eramaten du kutxak, eta euskal nortasuna biziarazteko helburua du ekimenak. Hala, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolara 10:00etan iritsiko da, eta Loramendi euskara elkartera 17:30ean.

Ongietorri ekitaldia, eskolan

Kurtzebarri eskolako zuzendaritzak esan du harrera estua egingo diotela: "Eskolan egitarau bat prestatu dugu Kutxa bira-ri harrera egiteko. Lehenengo, eskolako nagusiek, LHko 4, 5, eta 6. mailetakoek, ongietorria egingo diote. Eskolako Herensuge-ek eta Eguzkiloreak-ek kutxa ekarriko dute, eta ondoren, seigarren mailako hiru ikaslek kutxa barruan datorren Amets Arzallusek idatzitako manifestua irakurriko dute eta gainontzeko ikasleek eskolako dantza dantzatuko dute. Amaitzeko, gela bakoitzeko ikasle batek euren euskararekiko aldarria irakurriko du, eta kutxan sartu. Berdina egingo da 10:10ean LHko 1, 2 eta 3. mailetakoekin; eta, azkenik, eskolako gazteenek, 11:00 inguruan, Haur Hezkuntzakoek, borobil baten dantza egin eta euren mezuak kutxara bideratuko dituzte".

Eguraldi kaxkarra bada, frontoian egingo dute harrera ekitaldia, eta egitarauan ere aldaketak egingo dituztela adierazi dute; hainbat kontu aldatuko dira. "Garrantzitsuena segurtasuna bermatuz denok momentu atsegina bizitzea izango da, kutxa bira-ri ongietorri ona egin eta euskararen aldarria Aretxabaletako gure ikasleei eta Kurtzebarriko hezkuntza komunitateari zabaltzea", adierazi dute Kurtzebarritik.

Euskara elkartean geldiunea

Goizean Kurtzebarri eskolakoek harrera egin ostean, arratsaldean Loramendi Euskara Elkartekoek egingo diote harrera kutxari. Herriko Plazan egingo dute ekitaldia, eta herriko beste zenbait elkarte eta eragile batuko dira ongietorri ekitaldira: "Ekitaldi xumea egingo dugu. Ludotekakoek, hizkuntza errefortzuko haurrek, musika eskolako dantza talde batek, bertso eskolakoek eta Basabeazpikoek hartuko dute parte bertan. Amets Arzallusen testua irakurtzeaz batera, dantza ere izango da, eta batzen garenon eragile bakoitzeko arduradun batek gure amets edo aldarria irakurriko du, eta kutxara sartu", adierazi du Ainhoa Sanchezek, Loramendi Euskara Elkarteko arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak