Udaberriko bertso saioa Lekaixokaren eskutik

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 28a, 11:00

Lekaixoka bertso eskolak Orly tabernan egindako bertso saio musikatu bat.

Maiatzaren 7an, Nerea Ibarzabal, Martin Abarrategi, Beñat Lizaso eta Oihana Arana bertsolariak igoko dira Arkupe aretoko oholtzara, Lekaixoka bertso eskolak antolatutako saioan. Gai jartzaile, berriz, Aitor Lizarazu arituko da.

Lekaixoka bertso eskolak udaberriko bertso saioa antolatu du maiatzaren 7rako. Arkupen izango da, 19:00etan, eta sarrera hiru euro izango da; maiatzaren 3tik –astelehena– aurrera erosi ahal izango da, Arkupen bertan. Maila handiko bertsolariek osatuko dute Arkupe aretoko oholtza, eta saio ederra aurreikusten dute antolatzaileek. Gai jartzaile Aitor Lizarazu arituko da eta bertsolariak, berriz, honako hauek izango dira: Nerea Ibarzabal, Martin Abarrategi, Beñat Lizaso eta Oihana Arana, hain zuzen ere.

"Lehenengo aldiz antolatu dugu udaberriko bertso saioa Aretxabaletan. Iaz, uztailean, Otala Zelain antolatu genuen bertso saio musikatua, eta ordutik ez dugu saiorik antolatu. Hala ere, era horretakoa berriz antolatzeko asmoa ere badugu, izan zuen arrakasta ikusita. Beraz, hau izango da urteko lehenbiziko bertso saioa. Arkupen bertsolari handiak izango ditugu, eta Nerea Ibarzabal eta Beñat Lizasorekin batera, bertakoak, Martin Abarrategi eta Oihana Arana ez dira makalak, saio ederra izango delakoan gaude…", adierazi du Martin Berrizbeitia Lekaixoka bertso eskolako kideak. Horrekin batera, gaineratu gura izan du saioaz gozatzea helburua bada ere, asmoa udaberriko bertso saioa urtero antolatzea dela. Hala, bertsolari gazteei lekua emateko egin beharreko ekintza dela azpimarratu du.

Arkupeko edukiera

Arkupe aretoak 100 pertsonako edukiera du, baina 50 lagunera dago mugatuta gaur egun. Hala ere, udaberriko bertso saio eguna iristean eremu gorrian jarraitzen badu Aretxabaletak, 33 lagun soilik sartu ahal izango dira Arkupera. "Egoerak baldintzatuko du zenbat jende sartzen den bertso saiora, baina hobera egitea gustatuko litzaiguke. Izan ere, maiatzaren 7an eremu gorrian jarraitzen badugu, soilik 33 lagun sartu ahal izango dira bertso saioaz gozatzera, eta uste dugu hankamotz geratuko litzatekeela. Ikusiko dugu nola gauden egun horretan, baina ea egoera hobera doan eta jendea animatzen den".

Bertso eskola, osasuntsu

Udaberriko bertso saioaz gain, bertsolaritza zaintzeko, Aretxabaletan sustatzeko, praktikatzeko eta harekin gozatzeko osatutako Lekaixoka bertso eskola ondo dagoela osasunez azpimarratu du Berrizbeitiak.

Lekaixoka bertso eskolak haurren taldea eta helduen taldea ditu. Bertsolari gazteen taldean bost pertsona daude eta nagusienean, berriz, zortzi. Haizea Arana da haurren taldeko gidaria eta helduenean, berriz, Ane Zuazubiskar dute irakasle. Ikasturtea berezia izan dela adierazi dute egitasmoko partaideek, baina, hala ere, bertso eskolekin jarraitu dutela adierazi dute, saioak era telematikoan egin dituzten arren. Horrekin batera, aurrera begirako ideiak ere garatzeko denbora izan dutela adierazi du Berrizbeitiak: "Aurten, modu telematikoan egin ditugu klaseak. Egutegi egonkor bat mantentzea zaila izan zaigu, baina klase dezente egin ditugula esan dezakegu. Hala, bertsotan aritzeaz batera, egoera hobetzen denean antolatu nahi genituzkeen ideia ugari izan ditugu. Hala ere, argi dugu publiko gutxiko ekitaldiak antolatu beharko ditugula, eta lehentasuna gure jarduna mantentzea izan behar dela".

Interesdunentzat kontaktua

Lekaixokako bertso eskolan izena eman eta bertsotan aritu eta gozatu gura duenak Lekaixoka@gmail.com helbidera idatzi dezakeela adierazi gura izan dute bertso eskolako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak