Pandemiak agerian utzi du lehen sektorean dagoen bizimodu gogorra

Mirari Altube Arrese 2021ko api. 17a, 10:20
Felix Lete, behiak inguruan dituela, Kurtzebarri mendiaren azpialdeko zelaian, Arkarazo auzoan.

Abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi dira hainbat herritar Aretxabaletan, eta azken urtea ez da samurra izan haiendako ere; dena den, sektore horretan lanean dihardutenen egoera zaila azaleratu besterik ez du egin pandemiak.

Orain dela urtebete pasa ezarritako pandemia egoerak gabezia eta behar asko utzi ditu agerian hainbat arlotan; osasungintzan, bereziki. Beste sektore batzuetan, abeltzaintzan eta nekazaritzan, esaterako, urteetako ziurgabetasun egoera eta bizimodu gogorra berretsi ditu. Aretxabaletan hainbat dira hortik bizimodua ateratzen dutenak, eta samurra ez dela diote guztiek.

Geratu barik lanean

Lanerako orduan pandemiaren eraginik apenas igarri dute, "ohi legez" jardun dute guztiek, pentsurik ez delako falta izan ganaduarendako eta ekoiztutako elikagaiak saltzen jarraitu duelako. Galartzako Etxezuri baserrian, esaterako, hasieran ogia egin barik egon ziren, hori saltzerik ez zegoelako, baina, behin lehenengo hilabeteak pasatuta, normaltasun berrira egokitu ziren. Horren harira, esnea ekoizteko behiak hazten dituen Julen Abasolok berretsi egin du hark esandakoa.

Bizimodua ateratzen, kostata

Kostata ateratzen dutela bizimodua hortik diote okela ekologikoa saltzen duten Mendibitzu baserriko Lete anaiek zein barazkiak ekoizten dituen Marije Revueltak, eta pandemiak hori erakutsi duela. "Nire lanbidea da, bai, baina bizimodua hemendik ateratzen dudala esatea asko esatea da", dio Revueltak.

Onartu dute bertako produktuari, ekologikoa eta sasoikoa, balioa ematen diola erosleak, baina hor ere nahaste handia dagoela uste dute Lete anaiek, eta ez duela mesederik egiten.

Aparteko laguntzarik ez

Dirulaguntzaren bat edo beste jaso izan dute, baina asko ez direla iristen diote. "Guk jakin ere ez dakigu laguntzarik dagoen; hortaz, zelan eskatu?", diote Mendibitzu baserrikoek.

Abasolok azaldu du orain artekoan ez duela laguntzarik eskatu beharrik izan pandemiagatik. Hala ere, onartu du azken hilabeteetan pentsuaren prezioak gora egin duela nabarmen, eta horrek ondorioak ekarriko dituela: "Badakit ate batzuk jo dituztela, Jaurlaritzan, esaterako, eta entzun egin dituztela eta ulertu ere bai; lehentasunak, baina, beste toki batzuetan daude orain".

Etorkizunak zer ekarriko duen jakin ez, baina guztien nahia da egoera oneratzea poliki-poliki eta bizimodu horrekin jarraitzeko aukera izatea.

Iritziak

Esnekien salmenta, behera

Areantza auzoko Etxebarri baserriko Julen Abasolo.

Areantza auzoko Etxebarri baserrian esnetarako hazten dituzte behiak Julen Abasolok eta anaiak. 260 buru dituzte, erdiak inguru behiak, hau da, dagoeneko esnea ematen dutenak, eta beste erdiak bi urtetik beherakoak.

Kaikuri saltzen diote esnea, eta hark jakinarazi die esne likidoaren salmenta hazi egin dela, baina gainerako produktuena, esnekiena zein esnearekin egindako beste hainbatena, asko jaitsi. "Ostalaritza zerbitzuetan dauden gorabeherak, hori dela arrazoia uste dute. Izan ere, beste produktu horiek ez dira erosten hainbeste etxerako", azaldu du Abasolok. Esnea gehiago saldu arren konpetentzia handia dagoela sektore horretan dio, eta irabaziek gora egitea oso zaila dela: "Irabaziak beste produktuekin ateratzen dira, marjina handiagoa uzten dutelako horiek".

Azken hilabeteotan "igoera handia" izan du behiei jaten emateko pentsuak: "Ez dakit pandemiaren ondorioa den, espekulazio kontuagatik dela jakinekoa da. %20 inguru egin du gora. Eta pentsuaren garestitzeak dakar abeltzainok gutxiago irabaztea".

Etorkizuna zelakoa izango den ez du aurreratu gura: "Esnekietatik ateratzen zen diru apur bat orain arte, eta horretan inbertitu izan du Kaikuk produktu berriak ateratzeko. Baina salmenta beherakadaren aurrean jakin ez zer gertatuko den".

Kontsumo taldea, euskarri

Eskoriatzako Eraña auzoan ortua duen Marije Revuelta.

Eskoriatzako Eraña auzoan 7.000 metro koadro inguruko ortua du, bi berotegirekin, Marije Revuelta aretxabaletarrak. Barazki ekologikoak ekoizten ditu han eta Aretxabaletako kontsumo taldeari saldu gero. Dagoeneko hamabi urte daramatza horretan eta gaur egun hemezortzi bezero ditu, iaz baino bi gutxiago.

Azoketan ere saltzen du, Biolurrek antolatutako azoketan, hain zuzen ere, baina azken urtean bakarren baten egon dela aitortu du. "Gutxituta daude halakoak; asko, gainera. Aretxabaletan bertan ere ez ziren egin ez sanmigeletako azoka ezta tomatearen astea ere".

Etorkizun iluna begitantzen du, gaur-gaurkoz: "Bultzada handia beharko luke sektore honek. Asko saldu behar da bizimodua hemendik ateratzeko; gastu asko daude, eta lan ikaragarria; izan ere, hemen ez dago ordutegirik. Gainera, gero eta gehiago gabiltza kontu honetan".

Aretxabaletako kontsumo taldeko ateak zabalik ditu bezero gehiago hartzeko: "Oso eskertuta nago bertako kideei, batzuk hasiera-hasieratik daudelako nirekin. Begi onez hartzen dituzte nire proposamen guztiak, baita barazki berriak eta ezezagunak sartu izan dizkiedanean ere". Uda sasoiko jeneroa gusturago kontsumitzen dutela herritarrek gaineratu du, eta hori laster izango du banatzeko gertu.

Azoken gutxitzeak, kalte

Arkarazo auzoko Mendibitzu baserriko Gorka Lete.

Arkarazoko Mendibitzu baserrian okelatarako hazten dute ganadua eta gaztak egiten dituzte. Artaldean 110 buru dituzte, 20 behi inguru, guztira, eta pottokak, 30 bat. 2009tik okela ekologikoa ekoizten dute, eta zuzenean saldu bezeroari.

Gorka Letek eta Felix anaiak diote baserritik bizimodua ateratzea gero eta zailagoa dela eta pandemiak okertu egin duela egoera: "Hobera doala entzun izan dugu han eta hemen, baina guk ez dugu halakorik bizi. Salmenta zuzenak gora egingo zuela uste genuen, etxera zuzenean eroaten dugulako produktua, baina ez da halakorik gertatu, inondik inora". Azokatan ere izaten dira, baina horiek gutxitzeak kalte handia egin die: "Horregatik, gazten ekoizpena jaitsi egin dugu azken urtean. Eskoriatzan ekainean egoten den Ferixia ez dela egingo ere badakigu, eta hor ondo saldu izan ditugu beti".

Dendetako salmentak, txukun

Galartza auzoko Etxezuri baserriko Jon Murgiondo.

Galartza auzoko Etxezuri baserrian 320 ardirekin osatutako artaldea daukate, eta behi batzuk ere bai. Urritik maiatz erdira bitartean etxean izaten dituzte, eta gero, Kurtzebarri ingurura eroan. Idiazabal izendapena duten gaztak ekoizten dituzte eta ogia ere egiten dute kalean zein azoketan saltzeko. Herritarrek bertako produktuei balioa ematen dietela uste du. "Herriko eta Eskoriatzako hainbat dendatan saltzen ditugu gaztak, baita Ereindajanen ere, eta horietan salmentek gora egin dute", dio Jon Murgiondok.

Azken hilabeteotan pentsuaren eta irinaren prezioak gora egin badu ere, salmenta prezioei eustea erabaki dute, ohiko igoerak bakarrik aplikatuta. Aurrerantzean ere orain arte legez lanean jarraitzeko itxaropena dauka Murgiondok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak