Gipuzkoako hainbat herritan antzeko egoera ematen ari dela onartu dute, eta horregatik mugikortasuna mugatzeak hurrengo astetan emaitza onak emango dituelakoan daude. Txertaketa kanpaina, ostera, ez dela iritsi espero zen herritar guztiengana diote. Horregatik, herritarren osasuna bermatzea lehentasuna izan behar dela uste dute: "Egoera honetatik ateratzea denontzako da onuragarria, gure herriko ostalariendako, merkatariendako eta beste jarduera batzuetan dihardutenendako".
Egoerari buelta emateko bi eskaera egin dituzte. Batetik, herritarrei: "Ahal den heinean neurriak zorroztea: harremanak gutxituz, leku itxiak saihestuz eta musukoa erabiliz. Orokorrean herritarrok ondo egiten ari gara, nahiz eta jakin badakigun ez dela erraza hainbeste denboraz hain neurri zorrotzak betetzea".
Eta bestetik, osasun agintariei, egoerak behar dituen baliabideak aktibatzeko: "Aretxabaletan baheketa masibo bat egitea beharrezkoa dela ikusten dugu kutsatze kateak apurtu eta ezkutuan dauden positiboak azalarazteko".
Jendearen konpromisoa bezain garrantzitsua dela osasun aginteen aldetik baliabide gehiago jartzea azpimarratu dute: "Arakatze-lana eraginkorrago eginez, behar diren baheketak martxan jarriz eta txertaketa kanpaina ahal den neurrian azkartuz".
Datorren aste bukaerako datuak oso garrantzitsuak izango direla adierazi dute "joera ikusteko"; bien bitartean, elkar zaintzeko deia egin dute.